Urrezko Zeledon ikurra Sabin Salaberrirendako

Jon Berezibar 2006ko ira. 4a, 10:55
Egubakoitzean, Arabako Nazioarteko Abesbatzen Jaialdiko 25. urteurren kontzertuan, Urrezko Zeledon ikurra emango diote Sabin Salaberri aramaioarrari, hainbeste urtetan Gasteizen musikaren inguruan nekaezin lan egiteagatik.

Irakasle, hamaika abesbatzaren sortzaile zein gidari, Gasteizko Kontserbatorioko zuzendari eta oraindik ere, erretiratuta egon arren, saltsarik saltsa dabil Salaberri. Merezitako errekonozimendua jasoko du barikuan.

Ibilbide luze eta oparoa

Txiki-txikitatik musikak erakarrita, Aramaion hasi zen abesbatzan eta bertan jaso zituen lehen piano eskolak. Handik, gaztetan Gasteiza seminariora joan eta musika hezkuntzarekin jarraitu zuen Sabinek.

Seminarioan Schola Cantorum abesbatzaren zuzendari izan zen eta ondoren Araba abesbatzako gidaritza hartu zuen bere gain aramaioarrak; aldi berean, musika sorkuntza eta euskal kantu herrikoiak berpizteko grinari heldu zion (harenak dira Gabonetako hiru kantak, Gora Araba, Guridi, ehun urte eta Mendirik mendi, euskal abesbatzen kantu-zerrendetan falta ez direnak). Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioaren zuzendari izan da urtetan, egungo euskal musikari askoren irakasle izanda.

Egindako lana ikusita, 1996. urtean San Fernandoko Arte Ederren Akademiako kide izendatu zuten. Aspertzeko inolako asmo barik, erretiroak ez du bere bokaziotik urrundu abesbatzetan, sorkuntzan eta lagunak eskatzen dioten edozertan kolaboratzeko prest dago-eta oraindik Sabin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak