Zapatuan 12:30ean Aparraren Jaia egin zuten plazan eta oso gustura ibili ziren gaztetxoenak. 17:00etan Kurtzetan plater tiroketa egin zuten eta erretiratuen lokalean mus txapelketa jokatu zen.
Olinpiadak eta omenaldia
Txirritolinpiadak egin dituzte aurten ere Txirritola euskara elkartekoek. Zapatu arratsaldean lau proba desberdin egin behar izan zituzten hiruko taldeek. Bizikletan, antxintxika eta beste bi joko berezi egin zituzten. Hamar taldek hartu zuten parte. Gaztetxoenen mailan (16 urte arte) Markel Arriolabengoa, Txomin Elortza eta Igor Oianguren izan ziren txapeldunak eta nagusien mailan (17 urtetik gora) Julen Ibabe, Jokin Balantzategi eta Ander Flores gailendu ziren.
Domeka eguerdian Oldarki dantza taldeari omenaldia egin zioten herriko plazan. 50 urte bete dituen Gasteizko talde horrek Aramaioko dantza taldea sortzeko ahalegin berezia egin zuen. Eta hori eskertu nahi izan zieten atzoko omenaldian.