Besteak beste, alkateak esan zuen dagoeneko AHTaren aldeko edo kontrako eztabaida bukatuta dagoela, trena badatorrelako; beraz, orain egin behar dutena zera dela: "Indar guztiak ipini trena ahalik eta modu egokienean pasatzeko". Xehetasun batzuk ere eman zituen: Aramaion trenak bost kilometro izango dituela, bi kilometro tunelean joango direla, beste 1,3 lurrazalean eta beste 1,4 kilometro zubian.
Jakinarazi zuen oraingoz aurreproiektua dutela udaletxean, eta, haren arabera, besteak beste, Untzilla aldean mugimendu handia izango dela trena egiteko. Herriko ur-iturriengan izango duen eraginak ere kezkatzen du alkatea, eta baita ere zenbait zabortegi egin behar izateak.
Haur eskola, abian
Herritarren galderei erantzunez, berriz, jakinarazi zuen kostata, baina, azkenean lortu dutela haur eskolaren obrak esleitzea. Udaletxea berritu zuen Mauricio Arregi enpresak egingo ditu eta hark esandakoaren arabera, hil honen bukaeran hasiko dituzte lanak. "Uste dut Gabon osterako bukatuko dituztela lanak eta irail edo urri aldera hasiko direla matrikulak egiten".
Eguneko zentroa eta beste
Herritarrek galdetu zioten, baita ere, noizko izango duten pertsona nagusiendako eguneko zentroa Aramaion. Alkateak erantzun zuen eskaerarik ez dutela oraingoz "familiak bakarrik datoz larri daudenean". Hala ere, gogorarazi zuen Aita Menniren eguneko zentrora joateko hitzarmena dutela bi lagunendako eta orain, gainera, aukera dutela bost lagunendako zabaltzea.
Eta, bestelakoen artean, aipatu zuen pilotalekua behar bezala egokitzeko obrak hasi nahi dituztela aurtengo udan; asmoa da kirol-gune modukoa sortzea, herritarren beharrak asetzeko.