Asko jota, bost euroren truke erosi ahal izango dira liburuak azokan

Ubane Madera 2006ko apirilaren 28a

10:30ak inguruan hasi eta 14:30ak ingurura arte ipiniko dute bigarren eskuko liburu azoka; eguraldi ona bada, plazan eta euria bada, berriz, udaletxearen arkupeetan.

Iaz egindako azokan soberan geratu zitzaizkien liburuak eta aurten batutakoak ipiniko dituzte salgai Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladakoek (ATGA) bigarren eskuko liburuen azokan, bihar, zapatua. Eta azokara doanak izango du zer aukeratu: entziklopediak, umeendako ipuinak, gaztetxoendakoak, klasikoen nobelak, modernoagoak, umeak ginenekoak… Liburuak adinka sailkatuta ipiniko dituzte, erosketa errazteko. Hala adierazi digu azokaren antolatzaile Alex Aginagaldek. Hark gaineratu digu liburuen prezioak produktuaren egoeraren arabera finkatuko dituztela, euro batetik hasi (gehienak) eta, asko jota, bost euroraino.

Lehen esandako moduan, Bizente Goikoetxea plazan ipiniko dute liburu azoka, goizetik eguerdira arte; eguraldi ona bada kanpoan ipiniko dituzte mahaiak, eta euria bada, udaletxepean. Gazteen asmoa da ekitaldia musikarekin girotzea.

Aramaion inbertitzeko

Aginagaldek jakinarazi digunez, batutako dirua gazte asanbladarako izango da. Iaz gobernuz kanpoko erakunde bati eman bazioten ere, aurten gazteek erabaki dute erabiltzea taldearen autogestiorako; modu horretan, Udalarekiko mendekotasuna txikitzeaz gainera, ATGAk dirua izango du Aramaion kultura ekimen gehiago antolatzeko; beraz, orokorrean, dirua Aramaion berriro inbertitzeko erabiliko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak