Eta abisurik ez emateaz gainera, 15 eguneko epea eman diete desjabetze horiei alegazioak aurkezteko. Horrek esan nahi du, zapatuan, urtarrilak 15ean, bukatzen dela epea.
Bestelakoen artean, Bolinburu baserriko lursailak desjabetu behar ditu Madrilgo gobernuko Sustapen Ministerioak. Bolinburuko Luis Mari Herizek esan digunez eurek ez dute inolako jakinarazpen ofizialik jaso. Duten informazio guztia Aramaioko Udalari esker lortu dutela kontatu digu eta gaineratu digu oso kezkatuta daudela. "UAGA sindikatukoekin berbetan gabiltza, ea haiek laguntzen diguten, baina ez dakigu nondik nora jo. Kontua zera da: zehatz-mehatz ez dakigula zein eragin izango duen trenak gure lurretan, ez digutelako esan, eta alegazioak horren arabera egin behar direla. Beraz, ez dakigu nondik heldu gaiari. Azpitik dabiltza haiek lanean (Madrilgoak), guri informazioa behar bezala eman barik."
Hala eta guztiz ere, alegazioak aurkezten ahaleginduko direla esan digu. Eta kontatu digu Aramaioko Udalarekin batzarrak egiten ibili direla (oraingo eguaztenean egin dute azkena).
Udalak ere aurkeztuko ditu
Bestalde, Udalak jakinarazi digu eurek ere aurkeztuko dituztela alegazioak. Honako arrazoiengatik aurkeztu behar dituzte: informazioa falta delako; trenak lursail asko zatitu egingo dituelako eta jakin nahi dutelako zela utziko dituzten sail horietarako sarbideak; jakin nahi dutelako ea baden LHTk kaltetuko duen ur-hornidurarik eta jakin nahi dutelako zela geratuko diren trenaren ibilbideak zeharkatuko dituen azpiegiturak (argindarra, ura...). Udaletik jakinarazi digute datorren urtarrilaren 24an hasiko direla desjabetu behar dituzten lurren okupazio aktak egiten.
Oinarrizko proiektua onartu dute
Arabako Buletinean argitaratutako informazioaren arabera, orain, Lastertasun Handiko Trenaren lanen lehenengo faseari dagozkien oinarrizko proiektua onartu dute. Eta behin oinarrizko proiektua onartu eta gero, lurrak desjabetzen has daiteke Madrilgo gobernua, hala dio-eta 2003an onartutako lege batek. Oinarrizko proiektuaren lehen fase horretan eraikiko dute Aramaio, Eskoriatza eta Arrasateko ibilbide zatia.
Ibilbidea aldatu dute
Aramaiori dagokionez, Lastertasun Handiko Trenaren ibilbidea aldatu egin dute. Zabolatik Untzillara doan bidea baino 500 bat metro beherago aterako da tuneletik (Eskoriatzatik dator); tarte horretan, Lugartei eta Bolinburu baserrien artean, pareta artean joango da trena, tunel ireki moduko baten eta gero zubi batetik abiatuko da Udalatxerantz. Lehengo ibilbidearekin alderatuta (orain hiru bat urte-edo aurkeztu zutena), zubi hori gorago ipini dute orain. Lehen, Kataia ingurutik pasatu behar zen; orain, berriz, gorago doa eta esaterako, Cuatrovientos baserriaren azpitik pasako da, tunelean.