Asteburu oparoa izan dute aramaioarrek San Martin egunaren bueltan. Alaiak Erretiratuen Elkarteak bazkideak omendu zituen egubakoitzean, auzoko jaiak izan dituzte Gantzagan, zinema emanaldia... Eta horien guztien artean, Trikitixa Eguna eta VI. Txirritola Partxis Lehiaketa egin zituzten zapatuan.
Hainbat urte dira eskolak Trikitixa Eguna antolatzen duela. "Eskolan ikasten dutena kalean praktikan jartzeko aukera izaten dute ikasleek eta horrez gain, herritarrei ekintza bat gehiago eskaintzeko aukera ere bada", azaldu zigun trikiti irakasle Gurutze Uribarrenek.
18:00etan ekin zioten saioari batutako ia 35 ikasleek eta hasierako asmoa kalejira egitea bazen ere, euri zaparraden eraginez asmo hori bertan behera laga eta udaletxeko aterpean jo zuten. "Urteroko kontua da eguraldiarena, baina ezin, bada, eguna aldatu, hauxe da eta, dagoeneko Trikitixa Taldearen Eguna", aitortu zigun Gurutzeren ahizpa Josunek, pandero irakasleak. Euriak euri, ikasleek jo eta su jardun zuten arin-arin, fandango eta kantu ezagunak jotzen aramaioarren zapatu arratsaldea alaituz.
Eskolarendako dirua lortzeko asmoz errifak ere saldu zituzten. Zenbaki sarituak izan dira 1.671 (asteburua Navaridaseko Carpe Diem nekazal-turismoan); 3.598 (asteburua Arteagako Txopebenta nekazal-turismoan), eta 4.428 (egonaldia Hondarribiako Arrobi Gain nekazal-turismoan).
Irabazleentzat egonaldia opari!
Partxisean txirritola euskara elkartearekin VI. Txirritola Partxis Lehiaketa ere zapatuan jokatu zuten. Sastiñan izan zen txapelketa, adinaren araberako bi multzotan banatuta. 15 urtera artekoen atalean, 24 lagunek hartu zuten parte eta 15etik gorakoan, berriz, 20 lagunek. Saritu guztiek txirritola eraman zuten etxera eta multzo bakoitzeko lehenengo biek dirua ere bai.