30 bat saltoki izango dira Erretiratuen Eguneko azokan

Goiena 2005ko urr. 27a, 18:23
Etxean edo eskuz egindako produktuen salmenta eta erakusketa 10:30etarako gertu izango da. Azokako 30 saltokien artean, 15 bat herrikoak izango dira. Erretiratuek, berriz, bestelakoen artean hamarretako eta bazkari gozoak izango dituzte zapatuan, urriak 29.

Denetarik izango da azokan, 10:30ean hasi eta 14:30ak ingurura arte iraungo du. Saltokien artean, esaterako, izango dira: Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladakoak taloak egiten; Jose Lonbide ortuko produktu ekologikoekin; Iker Ezpeletak eta Rakel Arriolabengoak etxean egindako ogia eramango dute eta Kerixaratik eta Undatik, gazta eramango dute.

San Martin Eskolakoek ere parte hartuko dute, pastelak saltzen. Ohi duten moduan, batutako dirua gobernuz kanpoko erakunde bati emango diote gero. Aldekok eta Gardokik, berriz, eztia eramango dute eta Jesus Mari Elejaldek egurra landuko du.

Mendixolakoak ere izango dira eta besteak beste, baita ere Itur Zuri elkartekoak.

Kanpotik etorriko dena

Horiekin batera, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako beste 15 bat lekutatik ekarritako produktuak ipiniko dituzte azokan: aloe verako produktuak, gozogintzakoak, kosmetika... Horien artean, esaterako, lehenengo aldiz etorriko dira Aramaiora etxean egindako trufak saltzera eta Arabako txakolina saltzera. Eta bestalde, gonbidatu dituzte Eibarko Su Oker taldekoak. Lehenago ere izan ziren horiek Aramaion. Errementariak dira eta langintza horren erakusketa praktikoa egiten dute.

Era berean, azken urteotan moduan, azoka horretan parte hartuko dute peruarrek, jertseak-eta saltzen.

Erretiratuendako ekitaldiak

Azoka hori Erretiratuen Egunaren atal bat izaten da. Baina, egunaren izenak esaten duen moduan, Aramaioko erretiratuei zelanbaiteko omenaldia edo haiei bereziki zuzendutako ekitaldi bat egitea da helburua.

Hala, 10:30ean hasiko da erretiratuendako jaia, herriko txistularien kalejiraren bitartez. Gero, 12:00etan, urtean hil diren erretiratun aldeko meza nagusia entzutera joango dira makinatxo bat erretiratu. Eta mezaren ostean, Lagun Artean dantza taldeak zenbait euskal dantza eskainiko dizkie San Martin Parrokia aurrean.

Bestalde, Ibarrako Zubiondo, Lizarra eta Ehiztari Txokoa elkarte gastronomikoetan hara doazen erretiratu guztiendako hamarretakoa prestatuko dute: salda eta txorizoa. Eta herriko trikitilariek ere parte hartuko dute Erretiratuen Egunean; goizean kalean gora eta behera ibiliko dira, soinuekin.

Bazkaria eta omenaldia

Zapatu goizari amaiera emateko, berriz, bazkaria egingo dute erretiratuek kiroldegian. 14:30ean dute hitzordua. Eta bapo bazkaltzeaz gainera, bestelakoen artean, omenaldia egingo diete Aramaioko nagusienei: Ibarrako Ana Mari Jauregi Uribarreni (97 urte) eta Olaetako Fidel Beitia Elosegiri (93 urte).

Bazkalostean, berriz, dantzaldia izango dute, Aretxabaletako Iñigo musikariaren eskutik. Eta ohi duten moduan, Vital Kutxak eta Euskadiko Kutxak emandako oparitxoak eta Aramaioko Udalak emandako Benidormerako bidaia zozketatuko dituzte bazkarian parte hartuko dute erretiratu guztien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak