Omenaldia egingo diote Fermin Etxebarria artzainari

Ubane Madera 2005eko irailaren 15a

Domekan, hilak 18, Artzain Eguna ospatuko dute Amurrion. Bestelako ekimenen artean, zenbait artzain omenduko dituzte. Tartean, Arraga auzoko Fermin Etxebarria.

Goizean (eguerditik gertu) hasiko dira Artzain Eguneko ekitaldiak. Aramaiotik ordezkaritza polita joango da, Fermin Etxebarriari laguntzen. Hark adierazi digunez, pozik hartuko du omenaldia, bereziki, ez zuelako halakorik espero.

Ia 70 urte artzain

Bizitza guztian artzain izatearren egingo diote omenaldia; izan ere, ia 70 urte egin ditu Fermin Etxebarriak jardun horretan. 8-9 urterekin joan zen lehenengo aldiz mendira, aitarekin: "Etxaguengo haitzera joan ginen, 150 bat ardirekin. Orduan txakurrik ez zegoen. Erabiltzen genituen piper-poteak, kontserbakoak. Harriekin bete, ra-ra-ra eragin, eta ardiei horrela eragiten genien arineketan, txakurrik bat ere barik. Lehenengo txakurra 20 urte egin nituenean-edo ipini genuen. Orain askoz samurragoa da. Ardiak urrun izan arren, txakurra bidaltzen duzu, eta, hezita badago, hark ekartzen ditu ondora; autoz goaz…"

Izan ere, oraindik artzain da Fermin Etxebarria; eta argi eta garbi esan digu artzain izaten segituko duela: "Erretiratuz gero… Niri kalea ez zait gustatzen; bueno, koadrilan-eta gustatzen zait, baina eguneroko txikiteoa-eta ez. Nik gura dut apur bat entretenitu". Eta "entretenitzeko" 80 bat ardi eta 15 behor dituela kontatu digu Fermin Etxebarriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak