Ehun eta hogeita bost neska-mutiko matrikulatu dira aurten San Martin Eskolan, 55 neska eta 70 mutiko. Horien artean, hiru ikasle berri badira, Aramaiora bizitzera etorri direnak. Bi urtekoei dagokienez, berriz, aurten 12 matrikulatu dira eta datorren astean hasiko dira eskolan, adaptazioa egiten. Eta irakasleei dagokienez, 16 dira, berriak bost, horien artean, gehienak Arrasatekoak.
Zuzendari berria
Bestalde, Blanka Mendialdua aukeratu dute aurtengo ikasturterako zuzendari. Hark adierazi digunez, aurten landuko duten proiektua bizikidetza (elkarrekin bizitzea) da. Horrekin batera, IKT programan ere sakonduko dute: Informatikaren eta Komunikazioaren Teknologia. Oro har, ordenagailuen erabilpena ikasleei erakustea da IKT.