Bi hitzaldi eta batzar nagusia, erretiratuen eskutik

Ubane Madera 2005ko ira. 7a, 20:33
Datorren astean ospatuko dute Alaiak Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak urteroko Aste Kulturala. Martitzenean hasi eta eguenera arteko ekitaldiak izango dira. Tartean, martitzenean, ariketa fisikoaren gaineko hitzaldia antolatu dute, herritar guztiendako.

Jose Antonio Apraiz medikua ekarriko dute Aramaiora, martitzeneko hitzaldirako. Kirol arloan urte luzez jardun izan du lanean Apraizek, Gasteizen. Eta kirolak eta osasunak duten harremanaren garrantzia kontuan Alaiak elkartekoek ahalegin berezia egin dute Apraiz medikua Aramaiora ekartzeko. Ariketa fisikoa eta gorputz osasuna gaia landuko du Apraizek. Eta Alaiak elkarteak interesa duten herritar guztiak gonbidatu ditu hitzaldira. 17:00etan izango da, kultura etxean.

Hurrengo egunean, berriz, beste hitzaldi bat izango da. Kasu horretan, Arabako parke naturalak da haren izenburua. Besteak beste, Urkiolako eta Gorbeako parke naturalen gainean berba egingo du Diputazioko kide Patxi Sanchezek. Berbaldi hori ere 17:00etan izango da, kultura etxean.

Batzar orokorra

Eta Aste Kulturalarekin amaitzeko, eguenean, hilak 15, batzar nagusia egingo dute Alaiak elkartekoek. 16:30ean da lehen deia; 17:00etan, bigarrena. Besteak beste, honako gaiak landuko dituzte: diruzaintzaren txostena, urteko txostena, kuotaren eguneratzea, 2005-2006 ikasturterako egitasmoak eta batzarraren berritzea. Batzarraren ostean, luntxa izango dute, 18:00ak inguruan.

Txangoa, Iruñara

Horrez guztiaz gainera, irailaren 23rako Iruñara txangoa antolatu dutela ere jakinarazi digu erretiratu eta pentsiodunen elkarteak. Besteak beste, Oteiza museoa ikustera joango dira. Horrez gainera, txikiteoa eta bazkaria ere izango dituzte. Txangora joan nahi duenak irailaren 16a baino lehen 25 euro sartu beharko ditu Euskadiko Kutxan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak