Su-gorrina gaixotasun latza da zuhaitzendako; kalte larriak eragin ditzake oso denbora laburrean: adarretan hasten da eta zuhaitz osora hedatzen da. Gaitzak erasotako landareak hilabete gutxira ihartu egiten dira oso ehuneko altuan, hil egiten dira. Batez ere, sagarrondo, makatzondo eta irasagarrondoei eragiten die su-gorrinak (Erwinia amylovora bakteriak sortutako gaixotasuna da). Baina fruitu-arbolei ez ezik, su-gorrinak mintegiei eta landutako nahiz landugabeko errosazeo sailei ere eraso diezaieke (landare apaingarriei eta basa-landareei, esaterako).
Hala, bada gaixotasunari aurre egiteko bideetako bat da berrogeialdia ezartzea kilometro bateko gunean. Horrez gainera, inguruko zuhaitzekin lotutako prebentzio eta kontrol neurriak ere hartu beharko dituzte.
Datorren astean, bi batzar
Gauzak horrela, Udalak bi batzar egingo ditu datorren astean. Astelehenean eta martitzenean izango dira (hilak 5 eta 6). Hilaren 5eko batzarra Azkoagatik kilometro batera dauden guneetako auzotarrendako izango da, eurek dutelako arriskurik handiena. Besteak beste, gaixotasuna ez hedatzeko hartu beharreko neurrien berri emango diete Arabako Diputaziotik etorriko den aditu batek. Baita ere jakinaraziko diete zer egin gaixorik dituzten zuhaitzekin.
Hilaren 6an, berriz, gaiarekiko interesa duen edozein joan daiteke batzarrera. 19:00etan izango dira batzar biak, udaletxean.