Oporretako istripuengatik odol beharrean dira

Goiena 2005ko uzt. 21a, 18:00
Arabako Odol Bankukoek dei egiten diete herritarrei, odola emateko. Besteak beste, istripu gehiago izaten da sasoi horretan eta odol beharra handia da. Abuztuaren 3an Aramaion izango dira odol-ateratzeak egiten.

Ohi duten moduan, arratsaldez egingo dituzte odol-ateratzeak Aramaion, 16:30etik 20:30era, anbulatorioan.

Horrez gainera, aste berean Legutianon izango dira odola ateratzen eta uztailaren bukaeran eta abuztuaren hasieran, Fagorrek Arrasateko San Andres auzoan duen lantegian.

Gasteizen, egunero

Horrekin batera, Arabako Odol Bankuko erizain Isabel Vitoriak gogora ekarri digunez, hitzordu horietara joan ezin direnek Gasteizko Santiago eta Txagorritxu ospitaletan eman dezakete odola; ia egun osoan dute horretarako aukera: Santiago erietxean, 09:00etatik 21:00ak arte, astegunean.

Txagorritxu ospitalean, berriz, 08:00etatik 19:30ak arte astegunean, eta zapatuetan 08:30etik 14:30ak arte.

Istripu gehiago

Izan ere, abuztuko opor garaian, odolarekin "larri samar" ibiltzen direla jakinarazi dio Arrasate Irratiari Isabel Vitoriak; batetik, auto-istripu kopurua dezente handitu egiten delako, eta horrek odol beharra handitu egiten duelako. Eta bestetik, istripuez gainera, ospitaletan gaixo hematologikoak daudelako eta haiek egunero behar izaten dituztelako odolaren osagaiak. Eta gainera, emaile asko oporretan dagoelako.

Odolaren iraupen txikia

Hain zuzen ere, odolak duen arazoetako bat da ezin dela denbora luzean gorde, iraupen txikia duelako: "Odolak ez du asko irauten. Plaketek bost egun irauten dute eta globulu gorriek, berriz, 25 egun".

Oporretara joan aurretik

Horregatik guztiagatik, Arabako Odol Bankukoek eta oro har, Euskadiko Odol Bankukoek dei egiten diete herritarrei odola emateko: "Herritarrei gogorarazi nahi diegu denok behar izan dezakegula odolaren osagairen bat edozein momentutan. Beraz, ahal izanez gero, oporretara joan aurretik odola eman dezaten eskatu nahi diegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak