Bihar, barikua, 20:30ean, etxafuego eta kanpaiek iragarriko dituzte Santa Marina jaiak. Ostean, 21:00etan, auzo afaria egingo dute, trikitilariek eta Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariek lagunduta.
Txirrindularitza eta plater tiroa
Zapatuan, berriz, 12:00etan meza esango dute Santa Marina elizan. Haren ostean, txirrindulari lasterketa egingo dute, Hirubietatik, Arexolara. Bukatutakoan, lasterketako sari banaketa egiten duten bitartean, txikiteoa egingo dute.
Arratsaldean, berriz, 16:30ean plater tiroan jokatuko dute, Letasurko ermitaren ondoko zelaian. Gero, 17:30ean, Arexolatik Arriolara kalejiran joango dira ume, heldu eta nagusiak, Biznietos de Celedón txarangak lagunduta. Eta ordu berean, Arexolako plazan, Mus eta Briska Txapelketen finala jokatuko dute andrek eta gizonek.
Ilunkeran, berriz, kanpai-jotze erakusketa egingo dute. Lehenago kanpaiak jotzen onak zirenek eta oraingo gazteek egingo dute erakusketa, 19:30ean. Eta bukatzeko, 22:30ean, dantzaldia egingo dute, Iñigo soinujolearekin. Dantza egin dutenei txokolatea eta bizkotxoak emango dizkiete ondoren. Eta parrandarako gogoa geratzen zaienek, Otxandiorako bidea hartuko dute.
Bukatzeko, domekan, 12:00etan meza izango da; haren ostean, Lagun Artean taldeak saioa egingo du eta vermouth dantza ere izango da, Iñigo soinujolearekin. Arratsaldean, berriz, 17:30ean, umeendako jolasak egingo dituzte.
Auzoa itxura berriarekin
Jaiak ospatzeaz gainera, Arexolarrek plaza estreinatuko dute, dagoeneko berritze-lanak aurreratuta daude-eta. Hori bai, oraindik hormak errematatzea, lorategiak eta espaloiak egitea falta zaizkie, besteak beste. Abuztu osterako-edo bukatuko dituzte.