70 kilo amuarrain ekarriko dituzte

Goiena 2005ko uzt. 8a, 14:27
San Martin jaien barruan, urtero egin ohi dute Arrantza Lehiaketa jaien osteko zapatuan, eta aurten ere hala egingo dute. Oilogor Ehiza eta Arrantza Elkarteak guztia gertu dauka. Jakinarazi digutenez, gaur, uztailak 8, askatu behar zituzten amuarrainak.

Oilogor Ehiza eta Arrantza Elkarteko kide Eduardo Fernandezek kontatu digunez, Santikurutze-Kanpezutik ekarri dituzte biharko lehiaketarako amuarrainak. Gutxi gorabehera 70 kilo amuarrain askatuko dituzte Aramaio errekan. Hiruzpalau amuarrain izaten dira kilo bakoitzean, beraz, 210-280 amuarrain inguru.

Hala, gaur gauean "ezkutuan" harrapatzen dituztenak kenduta, gainerakoak gaztetxoen gozamenerako izango dira.

Izenematea, goizean

Arrantza Lehiaketan parte hartu nahi duenak, bide erraza dauka horretarako: 08:00etatik 09:00etara bitartean Ibarrara joan eta antolatzaileei izena eman. Eduardo Fernandezek esan digun moduan, lehiaketan parte hartzeko gogoaz gainera, arrantzarako kanabera eramatearekin nahikoa da.

Bestela, lehiakide bakoitzak nahi dituen tresneria guztiak eraman ditzake. Gero, Salazandik Goikoerrotako presaraino, nahi duten lekuan bota ditzakete kanaberak, arrantzan egiteko.

Ur gutxitxo errekan

Hain zuzen ere, norberaren abilezia eta pazientzia garrantzitsuak izango dira lehiaketarako. Dena dela, Aramaio errekak orain daraman ur kantitate urria ikusita, pentsatzekoa da lehiakideek erraz samar izango dutela biharkoan amuarrainak harrapatzea.

Guztiendako sorpresatxoa

Lehiaketa eguerdi partean bukatuko dela aditzera eman digute. Baita ere sariak izango direla, garaikurrak eta beste. Baina antolatzaileek gaineratu digute Arrantza Lehiaketa izan arren, ez dela horren garrantzitsua irabaztea, ekimenean parte hartzea, baizik. Halaber, parte-hartzaile guztiendako oparitxoren bat prestatu dutela jakinarazi digute, arrantzarako materiala, hain justu: txirrikak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak