Afariarekin eta mojito festarekin agurtuko dituzte gaur San Martinak

A.G. 2005ko uzt. 4a, 10:14
Giro alaia egon den arren antolatzaileek diote jende kopuruak behera egin duela aurten. Urtetik urtera egitaraua hobetzen joateko herritarren iradokizunak jaso nahi ditu Gazte Asanbladak.

Ez da ohikoa, baina Aramaion, behintzat, halaxe izaten da: Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak (ATGA) antolatu ditu aurten ere jaiak; herriko gazteek, azken batean. Egitaraua prestatzeko orduan herritar guztiak hartzen dituzte kontuan eta euren nahia izaten da ahalik eta jende gehienarengana iristea. Hori horrela, herritarren iradokizunak, kexuak... jaso nahi dituzte “urtetik urtera egitaraua eta jaiak hobetzen joateko”, ATGAko Naiak azaldu digun moduan. Horretarako, buzoia jarri dute kultura etxean.

Antzezle izugarriak

Egubakoitzean hasi zituzten San Martinak eta gaur, astelehena, bukatuko dira. Asteburuaren errepasoa egiterakoan, ez da jende gehiegi ibili, baina giroa aparta izan da. Bestalde, nabarmentzekoa da herritarrek eurek egindako hainbat ekitaldik osatu dutela egitaraua. Horren adibide dira, esaterako, zapatu arratsaldean izan zituzten Txirritolinpiadak eta umeek egindako antzezlanak.

Txirritolinpiadei dagokienez, hauek izan ziren irazbaleak (alboko orriko irudian agertzen dira): gazteetan, Mikel Mendikutek, Bingen Bengoak eta Xabi Igoak jaso zuten lehen saria eta bigarrena, Manex Arriolabengoak, Iker Arriolabengoak eta Euken Ugartek. Nagusietan, berriz, lehen saria eraman zuten Julen Robledok, Ibai Ormaetxeak eta Andoni Elejaldek; bigarrena, Julen Ibabek, Jokin Balanzategik eta Ander Floresek eta hirugarrena, Ekaitz Abarrategik, Igor Abarrategik eta Iban Astolak.

Zapatuko ekitaldirik xarmangarriena, berriz, herriko gaztetxoek antzeztutako antzerki lanak izan ziren. Ikustekoa zer nolako lan polita egin zuten antzezle guztiek! Guraso eta laguntxoek egindako txaloak plazatik entzuteko modukoak izan ziren, eta nola ez, gurasoak adurra ezin eutsi. Gaur bukatuko dira jaiak Pirritx eta Porrotx pailazoekin eta mojito festarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak