Babes ofizialeko etxebizitzen gaineko aurreproiektua aurkeztu dute Udaletxean

Mertxe Mondragon alkatea eta Hirigintza Saileko buru Roberto Aginagalde zinegotzia GOITBn izan ziren oraingo astean, Debarri saioan. Herriko errepideak, kultura etxea, kiroldegia eta etxebizitza berriak izan zituzten berbagai, besteak beste.

Mertxe Mondragonek nabarmendu zuen errepideekin buruhauste handia dutela: “Gure errepideekin dugu buruhaustea. Oso inbertsio handiak egin behar ditugu, oso egoera txarrean daude-eta”. Halaber, alkateak azaldu zuen Aramaiok duen arazorik handiena dela herri oso handia dela azaleran eta auzoak oso sakabanatuta daudela: “Arabako beste herri batzuekin dugun desabantaila da auzoek ez dutela entitate juridikorik. Eta Araban, Aramaiokoak bano txikiagoak diren auzo batzuk entitate juridikoak dira, kontzejuak; eta kontzejuek izan ditzakete diru-sarrerak eta obrak-eta egitea eska dezakete. Aramaion, berriz, auzoren baten obraren bat egin behar bada, Udalaren bitartez egin behar da”. Horren harira, Mertxe Mondragonek esan zuen euren nahia litzatekeela edo auzoak kontzeju izatea edo Aramaiok beste kontsiderazio mota bat izatea.

Zabola eta Untzilla arteko errepidea

Bestalde, errepideekin lotuta, alkateak esan zuen Zabola eta Untzilla artekoa dagoela okerren eta hura konpontzeko laguntza eskatu diotela Diputazioari eta hark baietz esaten duen momentuan hasiko direla bidea konpontzen.

Kultura etxeko itoginak

Horrekin batera, kultura etxeko itoginen gainean ere galdetu zioten alkateari. Hark azaldu zuen badabiltzala harremanetan kultura etxea berritu zuen enpresarekin eta epe jakin bat ezarri diotela: “Orain arte partxeak ipintzen ibili gara eta alde guztietako irtenbideak aurkitu nahian. Uste dut obrako arazo bat dela eta enpresari epe txiki bat ipini diogu. Hura bukatutakoan, auzitegira edo nonbaitera jo beharko dugu”.

Kiroldegian, konponketak

Bestalde, kiroldegiko konponketen gainean, alkateak zera jakinarazi zuen: “Aurten aurrekontuan sartu dugu eta hasiko dira konponketak. Lehenengo kristal batzuk konponduko ditugu eta ateak aldatu. Dutxak ere konponduko ditugu”. Lanak hastear daudela gaineratu zuen, “uda baino lehen”.

Babes ofizialeko etxeak eta beste

Era berean, babes ofizialeko etxebizitzen gaineko berritasunen gainean berba egin zuen Roberto Aginagaldek Debarri saioan: “Urbanizazio proiektua bukatzen daude, gero etxebizitzen proiektua aurkeztu beharko dute eta Udalak hura ikusi eta onartu bezain laster hasi egingo dira”. Halaber, enpresa eraikitzaileak etxebizitza haien gaineko aurreproiektua dagoeneko aurkeztu duela ere jakinarazi zuen.

Eta bestelako etxebizitzen gainean, besteak beste, Miguel Angel Burgi eraikitzaileak jakinarazi zuen saihesbidearen eta Iturriosteren ostean, laster hasiko zirela etxebizitza berriak eraikitzeko lanak egiten. Elkarri atxikitako 12 etxe egingo dituzte.

Igerilekua eta futbol zelaia

Bukatzeko, herritarren galderen tartean, Kurtzetatik Marinerako errepidea konpontzeko asmorik baduten galderari erantzunez, alkateak argitu zuen ez dagoela euren asmoen artean errepide hori zolatzea, ez oraingoz, behintzat. Igerilekuaren gainean, berriz, esan zuen gustatuko litzaiokeela baietz esatea, baina Aramaiok beste behar batzuk dituela. Belarrezko futbol zelaia egiteko eskaera ere iritsi zitzaion alkateari, eta kasu horretan, erantzuna baikorragoa izan zen: “Bada aukera bat: etxebizitzak egin behar ditugu eta haiek ematen duten zesioarekin futbol-zelaia-edo egin daiteke”.

Albinako urtegia

Eta bestelako gaien artean, Mertxe Mondragonek jakinarazi zuen Albinako urtegiaren etorkizuna aztertzen dabiltzala azkenaldian: “Pentsatzen dut eztabaida handia sortu beharko dela jakiteko zer nahi dugun Albina izatea. Dena dela, momentuan premiazkoa da zerbait egitea udan errepide bazterrean pilatzen diren auto mordoarekin”. Are gehiago, alkateak iragarri zuen Diputazioak aurkeztu duela Albinarako proiektu bat: “Garaion egin duten moduan, urtegia pista batekin inguratu eta hesia ipini animaliak ez daitezen uretara sartu. Dena dela, Aramaioko biztanleek erabaki beharko dugu zer nahi dugun: Albina orain arte modukoa izatea edo aldatzea”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.