Mediterraniar Jokoak zalantzan dira, Undarendako

Ubane Madera 2005ko mai. 12a, 13:27
Bihar, zapatua, lehiaketa du Maider Undak Madrilen. Berez, Mediterraniar Jokoetara sailkatzeko gainditu beharreko froga da hura, eta Oletako borrokalariak aukera handia zuen lortzeko. Joan den astelehenean, berriz, jakinarazi zioten irabazi arren, akaso ez duela jokoetan parte hartzerik izango.

Kontua da gutxienez sei laguneko taldea eskatzen dutela Mediterraniar Jokoetan parte hartzeko. Maider Undaren taldean, berriz, bost kirolari besterik ez dira. Gauzak horrela, akaso ezin izango dute Mediterraniar Jokoetarako inskripziorik egin. Hala balitz, Maider Undak irailera arte ez luke bestelako norgehiagokarik izango. Irailean, berriz, mundiala jokatuko du. Edozelan ere, era berean, jakinarazi diete oraindik ahaleginduko direla jokoetarako izena ematen. Hain justu ere, ekainean jakingo dute Mediterraniar Jokoen antolatzaileek onartzen duten edo ez inskripzio hori.

Bihar, borroka

Kontuak kontu, bihar borrokatu egin beharko du Maider Undak. Madrilen da bera, joan den eguaztenaz geroztik, entrenatzen, kirolarien Blume erresidentzian.

Biharko borroka, 09:00etan hasiko da, Argantzuelako Zentro Integralean. Dena dela, guk Maider Undarekin berba egin genuenean, borrokarako zozketa egin barik zegoen eta oletarrak oraindik ez zekien zeintzuk izango dituen bihar aurkari.

Edozelan ere, kontatu zigun lauzpabost borrokalari izango direla guztira, Estatukoak eta Venezuelakoak, eta akaso Moldaviakoak ere joango direla lehiatzera. Hala, bizpahiru borroka irabazten ahalegindu beharko da Oletako borrokalaria. Eta bestetan baino zailago izango du irabaztea, legeak aldatu berri dituzte-eta.

Bitartean, ikasten

Hori bai, bien bitartean, denbora aprobetxatzen dabilela kontatu digu Maider Undak: “Venzuelakoarekin entrenatzeko aprobetxatzen nabil, amerikarrek borrokatzeko beste era bat dute-eta”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak