Apurketak jasan dituzte azken asteotan San Martin Eskolan

Ubane Madera 2005ko mai. 12a, 13:12
San Martin Eskolako zuzendari Paulino Ibabek kontatu digunez, eskolako gimnasioan altura txikian dauden zenbait bentanetako kristalak pitzatu zituzten San Prudentzio zubiaren ostean. Orain, joan den asteburuaren ostean, guztiz apurtu dizkiete gimnasioko leihoak.

Kristal bereziak dira gimnasioko leihoetan daudenak, gogorrak. Eta indar handia behar da haiei kalteren bat eragiteko. Hala ere, pitzatuta azaldu ziren San Prudentzio zubiaren ostean. Orain, joan berri den asteburuan, guztiz apurtu dituzte leiho horietako kristalak. Eskolako zuzendariak jakinarazi digunez, gutxi gorabehera, 400 bat euro kostako da apurtutako kristalak aldatzea.

Horrez gainera, Bañera parkeko bi kale argi ere apurtuta agertu ziren astelehenean. Udaleko teknikariek egindako aurrekontuaren arabera, 720 euro pasatxo kostako da haiek konpontzea.

Eta lekukoek kontatu digutenez, inguru guztia papelez beteta zegoen, hauteskundeetako papelez.

Zaintza handituko dute

Astelehen goizean bertan Mertxe Mondragon alkatea eskolanizan zen, kalteak ikusten; geroago, eguerdi aldera, Ertzaintzak lekua ikuskatu zuen, markak-eta aurkitu nahian. Orain, emaitzak ikusi behar.

Apurketen egileen gainean, berriz, zera adierazi digu eskolako zuzendari Paulino Ibabek: “Ez zaigu inori polizia lanak egiterik gustatzen, baina herriko familia batzuk ezusteko bat hartu baino lehen, komeni da seme-alabekin bakoitzak bere etxean hitz egitea. Eta denok parte hartuz ekiditea halako egoerak”.

Eragin negatiboa

Horrekin batera, eskolako zuzendariak gogora ekarri du, batetik, mota horretako apurketak herritar guztien artean ordaintzen direla. Bestetik, nabarmendu digu halako gertaerak ikusteak eragin handia duela eskolako ikasleengan, batez ere, gaztetxoenengan. Halaber, kontatu digu astelehenean, gimnasioko apurketak ikusi zituztenean, oso inpresio negatiboa hartu zutela eskolako neska-mutikoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak