Uribarren baserriaren atzeko aldean daude aparatuak eta Maria Jesus Aspe ibiltzen da haiek maneiatzen. Hala kontatu digu Maria Jesusek. Halaber, esan digu hasiera hartan (orain dela 29 urte) eskuz erabili beharreko aparatua ipini ziola Arabako Diputazioak. Eta orain dela hiru urte, berriz, beste aparatu automatiko bat ipini ziotela esan digu, eguzki plakarekin; Estatuko gobernuak Donostian duen ordezkaritza meteorologikoak ipini zion azken aparatu hori.
Zentro meteorologikoetara
Oro har, orain Etxaguenen zera neurtzen dute: euria, hezetasun maila eta hotz-beroa. Batutako datuak Donostiara bidaltzen ditu Maria Jesusek eta handik Madrilera bidaltzen dituzte. Hala, Madrildik, Estatuko zentro meteorologiko inportanteenetara banatzen dituzte datuak, konparazioak eta bestelako lanak egiteko. Horrekin batera, Arabako Diputaziora ere bidaltzen ditu datuak.
Eguneroko ardura
Ez da lan makala Maria Jesus Aspek egiten duena, kontuan hartuta egunero-egunero egin beharrekoa dela: "Ezin dezaket sekula ahaztu. Eta neu noizbait etxean ez banago, norbait utzi behar dut kargura".
Negutegi efektua dela-eta
Eguraldiaren bueltan 29 urtean lan egin duela kontuan hartuta, geroago eta sarriago entzuten dugun negutegi efekturik igarri duen ere galdetu diogu Uribarrengo bizilagunari, ea egia den negutik bat batean udara pasatzen hasi garela: "Nik ez dut halakorik igarri. Aurten, behintzat, martia udaberri moduan egin du.
Begira, lanbroa beti egiten du, lainopea ere bada, eta zirimiria ere egiten du Ez dut uste aldatu denik. Urte batzuetan elur gutxi egiten du baina begira, esaterako, aurten zelako negua izan dugun. Iaz, berriz, ez zuen egin horrenbeste hotzik, baina, elur-maila altuagoa izan zen, 80 zentimetro izan genituen hemen. Eta gorago, metro beteraino iritsi zen".