Asteburu oparoa: bigarren eskuko liburu azoka zapatuan eta Sagardogileen Eguna domekan

Ubane Madera 2005ko api. 21a, 13:04
Barikuan hasi eta domekara arte, antzerkia, azoka, sagardogileak… ekitaldi mordoa izango da Aramaion. Batetik, gazteek bigarren eskuko azoka antolatu dutelako, zapaturako. Bestetik, domekan Sagardogileen Eguna ospatuko dutelako, Txirritola elkartearen eskutik.

Barikuan, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunen barruan, Singing euripean izeneko antzezlana izango da kultura etxean, 22:00etan hasita. Aretxabaletako Trikilmailu taldeak antzeztuko du.

Bi euro kobratuko dute sarrera. Izan ere, batzen duten dirua, bigarren eskuko liburu azokan batzen dutenarekin batera, Angolara bidaliko dute.

Liburuen azokan 300 bat liburu

Azokari dagokionez, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta erabaki zuten egitea. 10:30etik 14:00ak arte izango da zabalik. Herritarrek emandako liburuak ipiniko dituzte, merke-merke: “Bat, bi, hiru, lau edo, asko jota, bost eurotan salduko ditugu, eta gainera, batzuk oso onak dira eta oso egoera onean daude”. Hala adierazi digu antolatzaileetako batek, Alex Aginagaldek.

Gaineratu digu euskarazkoak, espainierazkoak zein ingelesezko liburuak izango direla, umeendakoak zein nagusiendakoak.

Saltzen ez dituzten espainierazko liburuak, Kolonbiara bidaliko dituzte. Eta batutako dirua, berriz, Angolara, Beasaingo gobernuz kanpoko Herriak Elkarlanean erakundearen bitartez, han egiten dabiltzan proiektuetan laguntzeko. Hain justu ere, erakunde horretako kideak ere izango dira zapatuko azokan, Angolako proiektuen berri ematen. Horrez gainera, bidezko merkataritzan oinarritutako produktuekin saltokia ipiniko dute.

Baserrietako sagardoa, domekan

Eta domekan, Sagardogileen Eguna ospatuko dute, Txirritola Euskara Elkartearen eskutik. Azken orduko ustekaberik ezean, 18 baserritar izango direla jakinarazi digute antolatzaileek, baserritar bakoitzak bere erara egindako sagardoa eskaintzen. Hala, Txirritola Euskara Elkarteak edalontziak ipiniko ditu salgai eta halako bat erosiz gero, nahi beste sagardo edan ahal izango da.

Horrez gainera, Aramaioko zenbait herritarrek egindako taloak eta pintxoak ere izango dira.

Sagardoa zela egin erakusten

Goizean hasiko da Sagardogile Eguna, 11:30ean, herriko bertsolarien eta trikitilarien eskutik. Hortik aurrera, sagardoa edaten has daiteke jendea. Era berean, sagardoa bera zela egiten den ikusteko aukera ere izango dute. Izan ere, dolare bat (sagardoa egiteko erreminta) eramango dute plazara eta sagardoa (edo hobeto esanda, muztioa) egingo dute. Sagardoaren prozesua esplikatzen duten panelak ere izango direla esan digute Txirritola elkartekoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak