Martitzenean epaitu zuten Udala Gasteizko Auzitegi Probintzialean. Ordezkari moduan, besteak beste, Mertxe Mondragon alkatea izan zen, Txomin Eskudero abokatu gasteiztarrak lagunduta.
2003an, presoen senideei dirulaguntza ematearren epaitu dute orain Udala. Hain zuzen ere, Estatuko abokatuaren salaketaren arabera, Udalak ez du eskumenik halako laguntzak emateko. Era berean, epaiketa egunean, beste argudio bat ere aurkeztu zuen Estatuko abokatuak: Udalak ez duela araudirik mota horretako laguntzak emateko.
Lehenengo kasuan, akaso irabazi
Mertxe Mondragon alkateak kontatu digu epaileak eskumenik ezaren arabera erabakitzen badu epaia, Aramaioko Udalak epaiketa irabazteko aukerak badituela, lehen esandako moduan, formazko akatsak daudela argudiatuta.
Araudi ezaren argudioa erabiltzen badu, berriz, gaineratu digu litekeena dela Udalak epaiketa galtzea, aurten egin dute-eta, aurreneko aldiz, mota horretako araudi bat. Edozelan ere, alkateak adierazi digu badutela epaiketa irabazteko esperantzarik.
Legearen arabera, epaileak hamar egun barru jakinaraziko du erabakia.
Hirugarren epaiketa
Politikarekin lotuta, hauxe da Udalak izan duen hirugarren epaiketa. Aurrenekoa presoen aldeko pankarta batengatik izan zen. Kasu horretan, Udalak irabazi egin zuen, formazko akatsa zuelako salaketak. Bigarrena Berria-ri laguntza ematearren izan zuen. Orduan epaiketa galdu egin zuen, baina horrek ez zuen ondoriorik ekarri.