Zazpigarren urtez, Maider Unda oletarra txapeldun borroka librean

Ubane Madera 2005ko ots. 24a, 12:57
Pozik dago Maider Unda joan den asteburuan egindakoarekin. Hori bai, zera ere gaineratu digu: “pentsatutakoa baino gehiago kostatu zait”. Kontuak kontu, aurkari biei gailendu zitzaien Aramaioko borrokalaria, eta beste urtebetez Espainiako Txapelketa irabazi du.

Joan den zapatuan jokatu zuen Maider Undak Espainiako Borroka Libreko Txapelketa. Gijonen izan zen.

Maider Undaren mailan, 72 kilokoen senior mailan, bost borrokalari ziren lehian, baina hiru ziren txapelketa irabazteko gehien preparatu zirenak: madrildarra, kanariarra eta Maider Unda oletarra.

Hala, bi taldetan banatu zituzten lehiakideak, eta Maider Undari madrildarraren kontra jokatzea tokatu zitzaion aurrena. Galtzen hasi zela kontatu digu. “Bestetan baino presio handiagoarekin joan naiz txapelketara, beste biak (madrildarra eta kanariarra) AEBtan entrenatzen ibili dira-eta”. Horrek urduritasuna eragin ziola kontatu digu, bi kontrarioak AEBtatik maila altuarekin etorri zirelakoan. Hala, lehenengo asaltoa galdu egin zuen. Eta normalean, hori bentaja handia izaten da kontrarioarendako. Baina oletar borrokalaria berehala konturatu zen AEBtan entrenatu arren, beste borrokalarien maila ez zela bestetan baino hobea. Eta buelta eman zion norgehiagokari. Bigarren eta hirugarren asaltoetan oletarra gailendu zitzaion madrildarrari.

Hortik aurrera, bidea dezente erraztu zitzaion Maider Undari: “Lehenengo borroka eta gero, askoz ere lasaiago atera nintzen eta lehenengo asaltoan irabazi nion kanariarrari”. Hain zuzen ere, borroka librean esaten duten moduan “tokao” utzi zuen Undak Kanariar Uharteetako borrokalaria. Horrek esan nahi du, lurra ukiarazi ziola lepoarekin. Eta hori eginez gero, borroka irabazi egiten da.

Podiuma zapatuan

Zapatuan bertan eman zioten Maider Undari zazpigarren urtez Espainiako txapeldun izendatzen duten domina eta diploma. Borroka Libreko Espainiako Federazioko Angel Lopez Rojo presidenteak eman zizkion sariak.

Horrenbestez, eta domekako borroka libreko gainerako norgehiagokak ikusi eta gero, etxera itzuli zen Oletako espedizioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak