Kanariar Uharteetako, Madrilgo eta Euskal Herriko borrokalari banak parte hartuko du aurtengo Espainiako Txapelketan. Horrenbestez, Maider Unda oletarrak borroka bana jokatu beharko du kirolari bakoitzarekin, txapela eskuratzeko. Kontatu digunez, azkenaldian pisua zaintzen ibili behar izan du, jokatzen duen mailarako lau kilo goitik zegoen-eta (72 kiloko mailan jokatzen du). Kontatu digu, baita ere, entrenatzen oso ondo ibili dela eta azkenaldian belauna ondo izan duela. Hori bai, gaineratu digu arazoak dituela sakro iliakoan. Ez dela lesio gogorra eta borrokarako ez diola mugarik ezartzen, baina hortxe dagoela.
Nazioarte mailan segitu nahi
Gaur hartu behar zuen Maider Undak Gijonerako bidea. Besteak beste, Luis Crespo entrenatzaile gasteiztarra eta Mikel Mardones borrokalari kadetea izango ditu lagun datozen egunotan. Oraingo honetan txapela irabaztea lortzen badu, zazpigarren aldia izango da. Eta, gainera, etorkizunean jokatuko diren nazioarteko txapelketetan parte hartzeko ateak zabalduko dizkio oletarrari. Hain justu ere, horixe da oletar borrokalariak denboraldi honetarako duen helburu nagusia.
Maider Unda 10 urte baino gutxiagorekin hasi zen borroka librean. Azken urtean ADO bekarekin izan da Madrilen. Atenasko Olinpiar Jokoetan parte hartzen ere ahalegindu zen, baina zorteak ez zion lagundu. Orain, berriro itzuli da hona, eta Luis Cresporekin lanean segitzeko asmoa du.