Elurteak zailtasunak eragin ditu Aramaion

Ubane Madera 2005ko urt. 26a, 13:33
Gogoz egin du elurra gauean Aramaion eta paisajea zuri-zuri ipintzeaz gain, zailtasunak eragin ditu. Zenbait auzotara ezin da automobilez igo; udaletxean osoko bilkura bertan behera utzi dute eta tarteka, argindarrean etenak izan dira.

Udaletxetik jakinarazi zigutenez, auzoetan elur handiak egin ditu bart gauean. Horren ondorioz, zirkulazio gutxi dagoen auzoetara ezin da automobilez igo. Uribarritik, esaterako oinez jaitsi dira zenbait auzotar. Arexolan, berriz, bidea garbi samar zuten, hasieran behintzat, eta elurra kentzeko makinei esker.

Hain zuzen ere, herritarren hamar traktore egokitu dituzte Aramaion eta elurra kentzeko makina moduan dabiltza erabiltzen. Hala eta guztiz ere, zenbait herritar kexu dira, makina eske. Horren aurrean, herritarrei pazientzia izateko eskatu gura diete udaletxetik; makinak lanean dabiltzala eta iritsiko direla.

Aramaiotik kanpora joateko bideei dagokienez, berriz, Arrasaterakoa erabilgarri dago, kontuz ibiltzeko, baina itxi barik. Kurtzetan, berriz, kateak derrigorrezkoak dira. Horren ondorioz, esaterako, udaletxean bestetan baino langile gutxiago dabiltza atzo eta gaur.

Eskolan, lanean

Era berean, argindarrean etenaldiak izan dituzte, gau partean, batez ere. Hori bai, jakinarazi digute, horrek ez duela arazorik eragin, oraingoz behintzat.

Bestalde, San Martin Eskolan ere igarri dute elurtearen eragina. Arrasateko eta Aramaioko irakasleak bai, baina kanpokoak ez dira iritsi eskolara. Ikasleei dagokienez, ez dabil haiek eramateko garraioa eta berrogei bat ikasle daudela jakinarazi digu Paulino Ibabe zuzendariak. Hala, eskolak betiko moduan daude ematen eta arratsaldean ere emateko asmoa dute.

Eta istripuei dagokienez, albiste hau idazterakoan jasotako informazioen arabera, ez da istripu larririk izan. Hori bai, oro har, herritarrek eta batez ere auto gidariek zailtasun handiak izan zituzten harantz eta honantz ibiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak