Jon Agirre presoa, erreferenduma eta tsunamia, besteak beste, berbagai

Ubane Madera 2005ko urt. 25a, 20:07
Eguaztenean, hilak 26, ohiko osoko bilkura egingo du udalbatzarrak. Besteak beste, datorren otsailaren 20ko erreferendumean hauteskunde-mahaietan egon behar diren herritarren izenak zozketatuko dituzte.

Alkatearen argibideen artean, eguazteneko batzarrean proposatuko dute 278 euroko laguntza ematea Eudelek bideratutako fondoari. Orain dela hilabete gertatutako tsunamiarengatik kaltetutakoei laguntzeko dabil dirua batzen Eudel erakundea.

Horrekin batera, jakinaraziko dute Otxandioko Udalak idatzi bat aurkeztu duela Limitau-ko lursail batzuk direla-eta. Kontua da Aramaioko Udalak Limitau-ko baserri-bide batzuetan konponketak egin dituela. Eta Otxandioko Udalak dio lursailak Otxandiorenak direla eta ez Aramaiorenak. Hortaz, ezin dutela lanik egin.

Hala, Aramaioko udalbatzarrari proposatuko diote erantzun bera ematea. Hau da, Limitaua Aramaiorena dela adieraztea Otxandiokoei.

Horren harira, alkateak adierazi digu bestelako hitzarmenik lortu ezean eta premia dagoen bitartean, Aramaioko Udalak Limitaua-n lanak egiten segituko duela.

Hauteskunde-mahaietarako

Bestalde, hauteskundeak datozela-eta, hauteskunde-mahaietan egon behar diren herritarren zozketa egin behar dute eguazteneko batzarrean. Betiko moduan, bi mahai izango dira Aramaion, San Martin Eskolan. Bi mahaietarako 18 lagun zozketatu zituzten. Tokatuko zaienei urtarrilaren 31 baino lehen jakinaraziko diete.

Bestelako gaien artean, besteak beste, Arexolan bukatzekotan diren gasifikazio lanak berbagai izango ditu udalbatzarrak. Eta gazte lokaletatik gertu apurtu den kale-argia dela-eta, udalbatzarrak erabaki beharko du apurketa zeinek ordaindu. Proposamena da gazteek ipinitako fidantzatik hartzea dirua.

Bukatzeko, eguneko zentrora joateko garraioa dela-eta hasieran emandako diru kopurua bikoizteko aukera ere aztertu behar zuen udalbatzarrak. 1.500 euro eman beharrean 3.000 euro eman. Kontua da, bere garaian ez zutela laguntza behar bezala eskatu.

Jon agirre dela-eta

Eta aztergaietatik kanpo, mozio bat landuko du udalbatzarrak. Jon Agirre presoaren gaineko mozioa, alegia. Haren senide eta lagunek aurkeztu dute, eta alderdi politiko guztiek adostu dute. Oro har, eta Jon Agirreren osasun egoera latzaren aurrean, zera eskatuko dute: batetik, “Giza eskubideak oinarrizkoak dira, hori dela eta Udal honek pertsona guztientzat diren giza eskubide guztien errespetua berretsi egiten du. Baita Jon Agirreren kasuan ere”. Eta bestetik, “ Aramaioko Udala bertako herritarra den Jon Agirre Agirianoren osasun egoeraz kezkatuta, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzari bilera bat eskatzen dio Aramaioko alkatearekin Jon Agirreren egoerari buruz hitz egiteko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak