Aita Mennira joateko garraioarekin arazoekin segitzen dute

2003ko urriaz geroztik, Aramaiotik Aita Menniren eguneko zentrora doazenak euren kabuz moldatu behar dira. Harrezkero, behin eta berriro eskatu diote Diputazioari zerbitzu hori berriro ipintzeko. Oraindik ez dute lortu.

Aita Menniren eguneko zentrora joaten direnak pertsona nagusiak dira, ezintasun handidunak (gurpildun aulkietan dabiltzanak…). Hala, bada Aramaiokoak Aita Menniren eguneko zentrora joaten hasi zirenean, Debagoieneko Mankomunitatea arduratzen zen pertsona horien garraioaz; bereziki egokitutako garraioa erabiltzen zuten horretarako. Baina, 2003ko urrian, kendu egin zieten zerbitzu hori Aramaioko erabiltzaileei. Gauzak horrela, Aramaioko Udalak ipini zien garraio zerbitzua. Baina, Udalarendako garestiegia zen eta ezin izan zien gastuei aurre egin. Eta harrezkero familiak arduratzen dira senitartekoak Aita Mennira eramateaz. Kexu dira horregatik. Batetik, auto partikularretan egin behar dutelako bidaia eta auto partikularrak ez daudelako behar bezala egokituta. Bestetik, egunero-egunero senitartekoren bat arduratu behar delako haiek Aita Mennira eramateaz. Kaltetutako familietako bateko kideak lanari utzi behar izan zion hori egin ahal izateko.

Horren aurrean, bai familiak bai eta Udala bera ere Arabako Foru Aldundiarekin harremanetan ibili ziren, egoera konpontzeko. Aldiz, ez zuten ezer lortu. Orduan, Udalak Arabako Batzar Orokorretara jotzea erabaki zuen. Kasu horretan, EAJren, EAren eta PSE-EEren aldeko botoei esker, Aita Mennirako garraioa ezartzeko Arau Forala onartu zuten Batzar Orokorretan. Horren arabera, Aita Mennirako garraio zerbitzua Gurutze Gorriaren eskuetan utziko zuten. 2004ko azaroan onartu zuten hori. Eta Arau Forala urte bukaera baino lehen aplikatu behar zuten, legeak hala agintzen duelako.

Arau foralari kasurik ez

Baina ez dute agindutakoa bete. Mertxe Mondragon alkateak salatu du Diputazioak ez duela Arau Forala bete, nahiz eta legeak hala agindu. Hori ikusita, Udalak berriro ere Batzar Orokorretara jo du eta han adierazi diote Diputazioarekin arazoa konpontzeko beste ahalegin bat egingo dutela, baina otsailera arte ezin izango dutela ezer egin. Bien bitartean, Aramaioko familiek lehengo egoera berean segitu beharko dute.

Plaza gehiago

Bestalde, garraioaren eskaerarekin batera, Aita Mennirako eta Iturbide egoitzarako lau plaza gehiago ere eskatu zituen Udalak. Iturbiderako bi plaza gehitzea onartu zion Diputazioak; ez, ordea, Aita Mennirakoak. Hori ere lortu gura dute udaletxetik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.