Jon Agirre presoaren herriratzea eta askatasuna lortzeko laguntza eskaera

Ubane Madera 2004ko abe. 13a, 12:58
Jon Agirre aramaioarren senideek laguntza eskatu dute presoa Euskal Herrira ekar dezaten eta aske utz dezaten lortzeko. Aramaioarrari ebakuntza arriskutsu bat egin behar diotelako egin dute eskaera.

Familiartekoek kontatutakoaren arabera, orain dela lau urte gerriko minekin hasi zen preso aramaioarra. Medikuak artrosia diagnostikatu zion. Baina, kartzelako arduradunek ez zioten jaramonik egin. Lau urteren ostean, aurtengo udan min handiekin ibili da. Senideek esan digute bisitetara irten ere ez zela egiten eta egun osoan etzanda egon behar izaten zuela. Oinetan sentsibilitatea galdu ere egin zuen.

Horren aurrean, familia larritu eta kartzelako arduradunak presionatu zituzten, Jon Agirre medikuarengana atera zezaten. Eskanerra egin zioten, orain dela hilabete. Eta traumatologoek frogaren emaitzak aztertu ostean, diagnostikatu dute preso aramaioarrak desgaste handia duela, batez ere bizkar-hezurraren beheko aldean. Are gehiago, ebakuntza egin behar diote, ebakuntza arriskutsua. Eta ebakuntzaren ostean, errehabilitazio latza du.

Euskal herrian egiteko eskaera

Gauzak horrela, Jon Agirrek berak eskatu du ebakuntza Euskal Herrian egitea; batez ere ebakuntza aurrekoa eta ostekoa gogorrak izango direlako. Hala, bada, presoaren familiak Jon Agirre Euskal Herriratzea lortzeko laguntza eskatu du; baita presoaren askatasuna lortzeko ere, ebakuntzaren ostean, sendatu ahal izateko.

24 urte kartzelan

Jon Agirre 38 urterekin atxilotu zuten eta gaur egun 62 urte ditu; horrenbestez, 24 urte bete ditu preso. 1996an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Gaur egun Malagako Alhaurín de la Torre kartzelan dago, etxetik 1.000 kilometro baino gehiagora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak