Aramaio Zuiako koadrilako herri legez bisitatu zuten gasteiztarrek

Marijo Deogracias 2004ko urr. 25a, 10:53
Gasteiztik Aramaiora etorri zen bisitan lagun talde bat joan zen zapatuan. Arabako urtegiak bisitatu ondoren, Aramaiora iritsi ziren, turismo-gidari eta guzti

Arratzu-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia herriekin batera, Zuiako Koadrilaren barruan sartzen da Aramaio. Aitzaki horrekin, Zuiako Koadrilak herri horiek eta bere inguruak ezagutzeko irteerak antolatu ditu, eta zapatuan Aramaion izan zen gasteiztar talde bat.

Hiru ibilbide egin dituzte eta Aramaiora etortzeko ibilbidea izan da hiruretan azkena. Urtegien Ibilbidearen barruan sartu zuten Aramaiora bisita eta “lagun talde txikia batu den arren, gustura ibili dira etortzea erabaki dutenek”, azaldu zigun irteera koordinatu duen Animacion enpresako turismo-gidariak.

Ur-jauzien Ibilbidea egin zuten orain dela hamabost egun eta, aurretik, Zuiako dorretxeak bisitatzen izan ziren. Zapatuan, berriz, Urtegien Ibilbideari ekin zioten: Zurbao, Uribarri Ganboa, Legutio, Aramaio eta Azkoaga bisitatu zituzten.

Legution, hamaiketakoa

Uribarriko urtegia Legutiotik ikusi genuen, bisitaldian parte hartzen ari zen taldearekin batera. San Roke parkea aukeratu zuen gidariak begiraleku legez, eta hantxe egin genuen lehenengo hitzordua. “Bederatzi lagun bakarrik etorri dira gaur”, esan zigun taldeko arduradunak. “Gasteiztik oso gertu dauden herriak bisitatzen ari gara gaur, eta, jendea horietan izandakoa denez, taldea txikiagoa da”, azaldu zigun bisitarietariko batek.

Legution hamaiketakoa egin ondoren, Herriko plazan Legutioko historia ikasteko aukera izan zuten. Han, berriz autobusa hartu eta Aramaiora bidea hartu zuten. Herriari buelta eman ondoren, plazako ermita zabalik zegoela ikusita, sartu egin ziren. Margo erakusketa dago hantxe, eta batetik eraikinari eta bestetik margo lanei begira amaitu zuten Aramaiora egindako buelta.

“Beste inoiz ere etorri izan gara Aramaiora eta inoiz ez dugu erakuslekua zabalik topatu; beraz, gaur, eguraldiaz gain, zortea izan dugu eta sartzeko aukera izan dugu”, zioen gidariak.

Aramaiori, Alfontso XIII.-ak Suitza txikia deitu ei zion, eta han utzi genituen Arabako hiriburutik etorritako bisitariak, herriko etxe ederrei begira eta “Arabako orografia aberatsaz gozatzen”, Azkoagara bidea hartu aurretik, horixe baitzen irteeraren amaiera lekua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak