Herritarren parte-hartzea bultzatu nahi dute Erretiratuen Eguneko azokan

Ubane Madera 2004ko urr. 14a, 18:30
Udala dagoeneko badabil Erretiratuen Eguna prestatzen, urriaren 30ean izango da-eta. Aurten, deialdi berezia egin gura dute herritarrek azokan parte har dezaten. Anima daitezen, Udalak dirulaguntza polita emateko asmoa du.

Erretiratuen Eguneko azoka egiten hasi zirenean, helburua zen herriko produktuen azoka egitea. Baina urteekin hori aldatuz joan da. Hala, gaur egun, dezente gehiago dira kanpotik datozen saltzaileak herrikoak baino. Iaz, adibidez, 25 saltoki ipini zituzten eta bederatzi bakarrik ziren Aramaiokoak. Horren aurrean, eta herritarren parte hartzea bultzatzeko asmoarekin, Udalak erabaki du aurten deialdi berezia egitea. Rosa Mondragonek esan digunez, besteak beste, dirulaguntzak emango dizkiete saltokia ipintzen duten herritarrei.

Goizetik arratsaldera arteko jaia

Hala, urriaren 30ean, goizean trikitilarien doinuek iragarriko dute Erretiratuen Eguna. Eta dagoeneko Nardeaga kalean gertu-gertu izango da azoka. 12:00etan, berriz, urtean hil diren erretiratuen aldeko meza esango dute parrokian. Horren ostean, Lagun Artean dantza taldekoek dantza erakustaldia egingo dute. Eta 14:30ean erretiratuendako bazkaria izango da, kiroldegian.

Rosa Mondragonek iragarri digu laster ipiniko dituztela salgai bazkarirako txartelak (sei euro). Euskadiko Kutxan edo Vital Kutxan erosi ahal izango dira, udaletxean bertan eta baita auzoetan ere. Izan ere, auzo-alkateei emango zaizkie saltzeko txartel batzuk. Bazkalostean dantzaldia eta opari banaketa izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak