Pedro Ignacio Barrutia kalean eraikiko dituzten etxebizitzendako urbanizazio lanak egiten ibili dira azkenaldian. Lanen artean, Aramaioko zenbait auzotarren haserrea piztu zuen pareta bat eraiki zuten errekan. Bada orain, kontua da Jaurlaritzako Uren Sailak, pareta ikusi eta gero, ez duela onespenik eman. Hala, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari pareta eraisteko agindua eman dio, eta horrela egingo dute.
Proiektua egiten dabiltza
Etxebizitza Sailetik jakinarazi digutenez, errekan eraiki duten paretak indarrean dagoen legea betetzen du baina interpretazio arazo bat sortu zen eta horren ondorioz, Uren Sailak ez du onartu egindako pareta. Gaineratutakoaren arabera, Aramaioko Udalak lanen proiektua Uren Sailera garaiz bidali behar zion baina ez zuen hala egin. Horren ondorioz, Etxebizitza Sailekoek pareta eraiki egin zuten eta orain bota egin beharko dute.
Datorren udan
Edozelan ere, ez dute pareta berehala botako. Etxebizitza Sailetik jakinarazi digutenez, orain, urbanizazio proiektua egokitu egin beharko dute. Eta horretarako bi hilabete behako dituzte. Horren ostean, proiektua Uren Departamentura eta Aramaioko Udalera bidali beharko dute, haien onespena jasotzeko. Beste hiru hilabete. Eta gero, lanak esleitzeko lehiaketa deitu beharko dute. Horretarako beste hiru hilabete beharko dituzte. Gauzak horrela, pareta bota orduko datorren urteko uda ingurua izango dela adierazi digute. Pareta bota ostean, harri-lubeta egingo dute haren lekuan.
Dena dela, gaineratu ziguten horrek guztiak ez duela eraginik izango Pedro Ignacio Barrutian eraikitzen dabiltzan etxebizitzen eraikuntzan. Gogoratu beharra dago etxebizitza pribatuak zein babes ofizialekoak eraikitzen dabiltzala han.