Oilogor Ehiza Taldeko presidente Eduardo Fernandezek esan digunez, Aramaion ehundik gora ehiza-postu dago, mendietan sakabanatuta. Eta ehiztarien elkarteak berrehundik gora bazkide ditu (Aramaiokoak eta Aramaiorekin harremanen bat duten inguruko zenbait ehiztari barne). Hala, bazkideak bikoteka banatu eta postuak bikote horien artean zozketatu dituzte. Egun bakoitzerako postu bat. Izan ere, helburua da bazkideek posturik ez errepikatzea, guztiek baldintza berak izateko.
Orain dela pare bat urte
Hala, irailaren amaieran hasiko dira ehiztariak zeruari begira, hegazti-migratzaileen zain. Hain zuzen ere, usoak eta birigarroak dira orain nagusi, baita ahateak ere.
Aramaioko ehiza-babeslekua Udalarena da. Orain dela pare bat urte atera zuten enkantera eta Aramaioko Oilogor Ehiza Taldeak eskuratu zuen. Harrezkero, ehiza-postuak zozketatzeaz, ehiza aseguruak egiteaz eta oro har, ehiza-babeslekuak baldintza egokiak izateaz arduratzen da herriko elkartea.