Bertso eskola handitu egingo dute aurten

Berritasunak datoz aurtengo ikasturtean Aramaioko Bertso Eskolara. Batetik, irakasle aldaketa izango da eta bestetik, talde gehiago sortuko dituzte. Ikasturtea urriaren aurreneko astean hasiko da, Maritxu Kajoi egunaren ostean. Hala adierazi digu eskolako arduradun Manex Agirrek.

Manex Agirrek jakinarazi digunez, berak eskola utzi beharko du behin-behinerako, ikasketa kontuengatik. Hortaz, bera ordezkatzeko irakasle berria hartu beharko dute. Horrez gainera, adierazi digu aurtengo ikasturtean bi talde berri sortu nahi dituztela. Euren asmoa da txikiendako talde bat sortzea, 9 urtekoendako, eta beste bat 15-16 urteko gazteendako. Beti ere, Udalak hori egiteko nahikoa dirulaguntza ematen badie. Manex Agirrek esan digunez, azken urteotan bertsotan ikasteko eta jarduteko eskaera handia sortu da herriko neska-mutil gazteen artean.

Irakasle berriak

Hala, sortuko diren talde berriendako eta Manex Agirreren lekua betetzeko, irakasle berriak izango ditu bertso eskolak. Oraindik guztia ondo lotzeke dutela jakinarazi digu Manex Agirrek, baina aurreratu digunez asmoa da orain arte bi irakasle izan diren lekuan, aurtendik aurrera lau irakasle izatea: Iñaki Viñaspre, Iker Agirre, Gillen Agirre eta Lierni Altuna.

Orain, hiru talde

Gaur egun hiru talde ditu Aramaioko Bertso Eskolak: 10-11 urte bitarteko neska-mutikoen talde bat; 13-14 urte bitartekoen beste bat eta 17-18 urte bitarteko gazteen hirugarren bat. Guztira, 30 bat neska-mutilek jarduten du bertsogintzan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.