Laster esleituko dituzte babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lanak

Ubane Madera 2004ko ira. 2a, 20:15
Babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko urbanizazio lanak ia bukatu dituzte, errekako paretaren gaineko erabakia hartzea falta zaie. Era berean, hil honen 16an bukatzen da etxeok eraikitzeko enpresa eraikitzaileen proposamenak jasotzeko epea.

Abuztuan lan eta lan ibili dira Amenabar enpresakoak babes ofizialeko etxebizitzak eraiki behar diren lekuko urbanizazio lanak egiten (argindarra, ura, saneamendua…sartzen). Are gehiago, udaletxetik jakinarazi digutenez, dagoeneko ia bukatu dituzte lanok, azken xehetasunak egitea besterik ez zaie falta; eta errekan eraikitako paretarekin zer gertatuko den jakitea.

Kontua zera da: urbanizazio lanak egiteko garaian, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ez ziola baimenik eskatu Jaurlaritzako Uren Sailari errekako pareta dagoenetan egiteko. Horrela, eta gertatutakoa jakin zuenean, Jaurlaritzako Uren Sailak gerarazi egin zituen errekako paretako lanak. Orain, gai horren gaineko behin betiko erabakia hartu beharko dute Jaurlaritzako bi departamentuok. Hori egin arte, ez dituzte urbanizazio lanak guztiz bukatuko.

Lehiaketa irekia

Edozelan ere, eta nahiz eta urbanizazio lanetan geldialdia izan, babes ofizialeko etxebizitzen proiektuak aurrera segitzen du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak etxeok eraikitzeko lehiaketa irekia deitu zuen. Hain zuzen ere, hil honen 16an itxiko dute zabaldutako epea. Tarte horretan, etxebizitzak eraikitzeko interesa duten enpresa eraikitzaileen proposamenak jasoko dituzte. Gero, jasotako proiektuak aztertu eta erabaki beharko dute zein enpresari esleitu lanok. Hori guztiori egin ostean hasiko dira eraikitze lanak egiten. Aramaioko Udalaren nahia da lehenbailehen hastea etxeak egiten, baina, halako kontuak normalean poliki gauzatu ohi dira.

Etxebideren bitartez

Guztira babes ofizialeko 44 etxebizitza eraikiko ditu Eusko Jaurlaritzak Aramaioko Pedro Ignacio Barrutia kalean. Horietatik 40 errepidearen goiko aldean eraikiko dituzte eta gainerako laurak erreka inguruan. Gero, eta gainerako herrietan egiten duten moduan, etxebizitzak zozketatu egingo dituzte, Jaurlaritzako Etxebide izeneko zerbitzuan izena emanda dutenen artean. Hori bai, etxebizitzetatik lau-edo zailtasunak dituztenendako izango dira eta gainerakoen artean erdiak aramaioarrendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak