San Juan sua eta loren bedeinkapena egin dute Azkoagan

Gorka Etxabe 2004ko eka. 24a, 18:56
Aramaion San Juan eguna ospatu dute eta atzo sua ere piztu zuten. Azkoaga auzoan, gainera, ohitura zaharra mantentzen dute. Iaz San Juan egunean bedeinkatutako lore sorta bota zuten sutara. Gaur ere aramaioar asko gerturatu dira Azkoagako parrokiara eta, lorak eta bedarrak bedeinkatu dituzte, datorren urtean San Juan sura botatzeko.

San Juan bezperako gaua magikoa da. Euskal Herriko herri eta txoko gehienetan herritarrak kalera irtetzen dira, suaren aurrean kantatzera. Aramaion, Azkoaga auzoan, San Juan su polita piztu zuten Urugu baserri pareko zelaian, Santagedatxo baseliza parean.

Ibarrako herritar asko ere Azkoagara gerturatu ziren, bertako suak baduelako zerbait berezia. Gainera, tradizioa ere mantentzen dute Aramaio aldean. Izan ere, sutara botatzen dute iaz San Juan egunean bedeinkatutako lore sorta eta baratzeko bedarrak.

Baserriko ganbaran igaroko du urtea lore sortak

Ganbaran urtebete igaro ostean ateratzen dituzte lorak eta bedarrak eta sutara botatzen dituzte, urte emankorraren itxaropenean. Ohitura zaharrak gaur egungo trikitixa doinuekin uztartu zituzten atzo Azkoagan. Gaueko lanbroak ez zuen oztoporik jarri eta gau magikoa izan zen. Gaur, ostera, San Juan eguneko meza nagusia esan du Aramaioko parrokoak Azkoagan bertan. Eguerdiko 12etan hasi da meza nagusia eta ordurako garoaz apainduta zegoen parrokiako sarrera.

Aramaioarrak lore sorta bedeinkatzera gerturatu dira Azkoagara, gero, urte osoa ganbaran igaroko du lore sortak, eta datorren urtean, ekainaren 23an sua piztean, bertara botako dute. Jende asko gerturatu da San Juan eguneko meza entzutera, eta gehienak lore sortarekin joan dira bertara. San Juan eguneko ereserkia abestuz amaitu da meza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak