Uztailaren bigarren astean: udako ikastaroak

III. Aramaioko Uda Ikastaroa uztailaren 6an hasiko da eta 9an bukatu. “Euskal Herria XVI.mendean: gizarte eta kultura garai erabakigarrian” izenburua izango du.

Hala, XVI. Mendeko Euskal Herriari begiratuta, ikastaroen aurreneko egunean, uztailaren 6an, Juan Perez de Lazarraga eta haren garaia aztertuko dute:kultura, hizkuntza eta ideologia. Lau adituren hitzaldiak izango dira egun horretan: EHUko Joseba Lakarra; Euskaltzaindiako liburutegiko zuzendari Pruden Gartzia Isasti; Historiaren Erret Akademiako urgazle Juan Vidal-Abarka eta Eusko Jaurlaritzako kide Borja Agindalade.

Horren ostean, mahai-ingurua egingo dute eta gero, antzinako musikaren kontzertua izango da.

Bigarren eguna

Erreforma eta Kontrarreforma Euskal Herrian. Horixe aztertuko dute bigarren egunean. Hiru hitzaldi izango dira: Salamancako Elizaren Unibertsitateko Jose Ignacio Telletxea; Paue eta Aturri-herriko unibertsitateko Philippe Chareyre eta EHUko irakasle eta euskaltzain Henrike Knörr. Bukatzeko, mahai-ingurua egingo dute.

Hirugarren eguna

Ontzi-jabeak, misiolariak eta abenturazaleak izango dituzte aztergai hirugarren egunean. Oro har, Ameriketan ibili ziren euskaldunak. Lau berbaldi izango dira: Michael Barkham historialaria; EHUko Agustin Azkarate, Julio Nuñez eta Oscar Alvarez eta Kantabriako unibertsitateko Margarita Serna. Mahai-ingurua egongo da ostean.

Azkeneko eguna

Eta azkeneko egunean, foru-oharpenaren aurrekariak: erakundeetatik ideologiara; horixe landuko dute. Lau hitzaldi izango dira: EHUko J. Ramon Diaz de Durana eta Lourdes Soria eta Nafarroako unibertsitateko Juan Madariaga eta Gregorio Monreal. Horren ostean mahai-ingurua egingo dute, eta ikastaroekin bukatzeko, itxiera ekitaldia ere izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.