Maila oneko lehiakideek eman dute izena biharko lasterketarako

Ubane Madera 2004ko eka. 11a, 17:02
Guztia gertu dute bihar, hilak 12, Aramaioko III.Rallysprinta egiteko. 39 lagunek eman dute izena, maila oneko lagunek, gainera. 14:30ean moztuko dute errepidea eta15:30ean hasiko da lasterketa. Guztira, 6,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.

Errotabarri baserrian hasiko da lasterketa; handik Arriolaranzko bidea hartuko dute eta Andra Mariko bidegurutzeraino iritsi beharko dira lasterkariak, huraxe izango da-eta helmuga. Hori 15:30etik aurrera izango da; lehenago, 10:00etatik aurrera egiaztapen teknikoak egingo dituzte, kiroldegian. Eta lehen esan bezala, errepidea 14:30ean moztuko dute.

Aramaiokoak

Parte hartzaileen artean, bi aramaioar ere badira: Haritz Errasti “Azpikok” pilotu lanak egingo ditu rallysprintean. Ander Oion, berriz, kopilotua izango da. Haritzek kontatu digu beste ezer baino lehen automobila erosi zuela eta gero korritzeko lagun bila hasi zela. “Laguna behar da, rallysprint batean derrigorrezkoa delako kopilotua eramatea. Boluntario bat eskatu nuen eta Anderrek nahi izan zuen”. Bi aramaioarrek Usurbildik ekarritako Citroën AX Sport-a erabiliko dute biharko lasterketan.

Faboritoak

Bestalde, rallysprintaren antolatzaile Azpiko Racing elkarteko kideek esan digutenez, maila oneko lehiakideek eman dute izena zapatuko probarako. Izan ere, Aramaioko proba Euskal Herriko rallysprinten txapelketarako puntuagarria izango da. Hala, horien artean, faboritoak honako hauek dira: Joseba Zapirain (Seat Ibiza Kit Car autoarekin); Luciano Arrabal (Mitsubishi Evo V autoarekin); Santi Artetxe, (Peugeot 306 Maxi Kit Car autoarekin) eta Jose Fermin Zapiain (Renault Megane Maxi Kit Car autoarekin). Horiekin batera, Debagoieneko ordezkaritza ere izango da. Adibidez, Igor Orobengoa eta Iñigo Saizar arrasatearrek parte hartuko dute, baita Jonathan Suarez oñatiarrak ere.

Ia 3.000 euro saritan

Bukatzeko, biharko probarako sari ugari emango dituzte. Hala, bost skratch sari izango dira: aurrenekoarendako 400 euro; 300 euro bigarrenari; 200 hirugarrenari eta 100 laugarren eta bosgarrenari. Klaseen sarietan, klase bakoitzeko lehenengoak 100 euro eskuratuko ditu eta junior sarietan, 150 euro lehenengoak eta 100 euro bigarrenak. Guztira, 2.850 euro emango dituzte saritan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak