Lastertasun Handiko Trenaren proiektuan aldaketak egon daitezke

Lastertasun Handiko Trena dela-eta, aramaioar batek jakinarazi digu hasierako proiektua aldatu dutenaren susmoa duela. Hain zuzen ere Bolinburu eta Lugartei baserrien arteko zatia tunelpean joan beharren, lur gainean joango den kezka handia dauka.

Bolinburu baserriko Luis Mari Herizek kontatu digunez, joan den zapatuan, hilak 15, Madrilgo topografo bi baserrira joan zitzaizkion plano batzuekin. Plano haien arabera, Bolinburu eta Lugartei baserrien artetik doan Lastertasun Handiko Trenaren ibilbide zatia, tunelpean joan beharrean lur gainetik joango litzateke Kataiaraino; Bolinburu baserritik 100 bat metro eskasera. Jakina, horrek eragin zuzena izango luke Lugartei eta Bolinburu baserriengan. Besteak beste, tren horrek egundoko zarata sortzen duelako. Bere kezka handia azaltzeaz gain, Luis Mari Herizek salatu du eurei inork ez diela inolako abisurik eman, eta tren hori egiteko, gutxi gorabehera Bolinburu baserriko 15 bat hektarea beharko dituztela.

Udaletxean berririk ez

Besteak beste, udaletxean galdetu du eta han jakinarazi diote lehengo proiektuaren planoak dituztela eta ez dietela inolako aldaketaren berririk eman. Gauzak horrela, guk Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailera jo dugu. Saileko teknikari Emilio de Franciscok jakinarazi digu posible dela Madrilgo Sustapen Ministerioak aldaketaren bat egitea proiektuan. Herri Lan saileko teknikariaren esanetan, berez, hasierako proiektua jarraitu beharko lukete, baina, aldaketak egin ditzakete. Bereziki, kontuan hartuta Sustapen Ministerioak duela lanon ardura. Gaineratu zigun, Legutianorainoko zatiaren proiektua dezente aurreratuta dutela Jaurlaritzan, baina, Legutianotik gora doana, ez dagoela horren landuta, hortaz, aldaketak egitea errazagoa dela. Are gehiago, gaineratu zigun halakoak gertatu izan direla behin edo behin.

Horren aurrean, kezkatuta daudenek zer egin behar duten galdetzean, erantzun zigun egokiena dela Udalera jotzea; Udalaren bitartez bideratzea kezka hori. Udalak Jaurlaritzara jo beharko du, eta hortik aurrerakoaz Jaurlaritza bera arduratuko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.