Algorta inguruan egiten dute esaera zaharren bertso lehiaketa. Zera da: ekimenean parte hartu behar duten bertsolariei esaera zaharren zerrenda ematen zaie. Bertsolariek euren artean banatu behar dituzte esaera zaharrok. Eta gero, bertsoen bitartez, esaera zaharrak banan-banan adierazi behar dituzte, bestelako herritar talde batek esaera asmatzeko.
Ekimen horren berri izan zuen aramaioarren batek, eta hona ekartzea polita izango delakoan erabaki dute herrian antolatzea. Inguruan halako zerbait antolatzen duten aurreneko aldia da.
Tabernaz taberna
Hala, Aramaioko kasuan, 19:00etan hasiko dute ekitaldia. Herriko bertso eskolakoek, herritarrek eta trikitilariek parte hartuko dute ekimenean. Bertso eskolakoen kasuan, bi talde osatuko dituzte eta tabernaz taberna ibiliko dira, tokatu zaizkien esaera zaharrak bertsoen bitartez esaten. Trikitilarien laguntzarekin egingo dute ibilaldia.