Orain arteko erabilera kontuan hartuta egokitu egingo dute KZGunearen ordutegia

Aramaioko KZGunera ez da herritar larregi joan orain arte. Hori ikusita, inguruko KZGuneen koordinatzaile Berex Ortiz Aramaion izan da, KZGunearen etorkizuna aztertzen.

Gauzak horrela, eta KZGunearen erabilera egokitu nahian, hemendik aurrerako plangintza berria abiaraziko dute Aramaioko KZGunean. Zera kontatu digu Berex Ortizek: “Zerbitzuak mantendu egingo ditugu, baina, ez da tutoretza iraunkorrik egongo. Hamabost egunean behin pertsona bat etorriko da begiratzera ea jendeak KZGunerako izena eman duen; zein ikastarotan izena eman duen… Eta horren arabera, jendea baldin badugu, ikastaroak egingo ditugu, eta bestela, ez. Gutxieneko talde bat sortu beharko da ikastaroak egiteko. Eta ikastaroen ordutegiari dagokionez, eskaeraren arabera erabakiko dute noiz egin ikastarook. Horrez gain, informazioa laga dugu KZGunean: zein ikastaro ematen ditugun (zerrenda osoa), izen-emate orriak…” Izan ere, KZGunea erabiltzeko dauden baldintza bakarrak bi dira: 18 urtetik gorakoa izatea eta KZGunean izena ematea. Horrez gainera, zera ere gogorarazi digu Berex Ortizek: “Baditugu arauak; ezin da txateatu edo jolastu, adibidez; ezin da sexuarekin lotutako web orririk ikusi… Ez da zentro ludikoa. Informazioa bilatzeko eta irakaskuntzan oinarritutako zerbitzua da”.

Zentroaren plangintza aldatzeaz gain, Aramaion dauden zortzi ordenadoreetatik lau eraman egingo dituztela ere esan digu Berex Ortizek.

Egunero zabalik

Hala, hemendik aurrera honako egutegia eta ordutegia izango du Aramaioko KZGuneak: egunero zabalik, liburutegiaren ordutegi berarekin: 17:00-19:30era. Liburuzaina (Olga Jauregi) arduratuko da zentroaz. Hala, zelanbait, zentroa Udalaren ardurapean geratuko da. Baina, ez da bestelako aldaketarik izango. KZGuneak betiko eskaintza egiten segituko du-eta: Interneten nabigazioa eta ikastaroak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.