Guztia gertu Aramaioko I. Gazte Egunerako

Ubane Madera 2004ko api. 6a, 17:55
Hurrengo barikuan, hilak 16, ospatuko dute Aramaioko I. Gazte Eguna. Ezohiko eguna izango da; izan ere, halako zerbait antolatzen duten aurreneko aldiz izateaz gain, Aramaion jaietan izan ezik ez da halako ekitaldirik izaten. 18:30ean hasiko da jaia, bertsolariekin eta trikitilariekin.

Bertso-triki txikiteoarekin hasiko dituzte Aramaioko I. Gazte Eguneko ekitaldiak, 18:30ean. Herriko trikitilariek eta Andere Arriolabengoa eta Manex Agirre bertsolariek parte hartuko dute.

Gero, 22:00etan hasiko dira kontzertuak kiroldegian. Bost taldek parte hartuko dute: Materia (Donostia ingurukoak, metal estiloa), Biok (bizkaitarrak, metal estiloa), Ataka (aramaioarrak, punk sustraiekin), Sharon Stoner (oñatiarrak, stoner estiloa) eta Sakre (aramaioarrak, metal hard-core estiloa) taldeek. Horien ostean, DJak arduratuko dira kiroldegian elkartutako jendea girotzeaz. “Karkass” eta Gorka aramaioarrek jardungo dute lan horretan.

Horri guztiari laguntzen, bi taberna izango dira kiroldegian: bata Ataka eta Sakre taldeek ipiniko dutena; eta bestea presoen aldeko taldeak ipiniko duena. Azken talde horren gainean, esan beharra dago egunean bertan muntaketa lanak-eta egiten ibiliko direla, antolatzaileei laguntzen. Kontzerturako sarrera bost euro kostatuko da; antolatzaileek kontatu digutenez, kontzertuaren gastuak ordaintzeko izango da dirua.

Kontzertua baino gehiago

Aramaioko Sakre taldea ibili da hori guztia antolatzen. Kontatu digute kontzertu bat egiteko asmoarekin hasi zela ideia, baina, jaietan izan ezik, Aramaion halakorik ez dela egoten-eta egun berezia antolatzea erabaki zutela. Hala, aurtengoa aurrenekoa bada ere, datorren urtean II. Gazte Eguna izango dela espero dute, Aramaion sortu berri den Gazte Asanbladak lekukoa hartzen badu.

Aurtengoari dagokionez, jende guztia gonbidatu gura dute jaian parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak