Andere Arriolabengoa zapatuan Aramaion, bertsolari txapelketan

Zapatuan, hilak 27, hitzordua dute bertsolariek eta bertsozaleek herriko kultura etxean. Arabako II. Bertsolari Txapelketaren barruan, aurreneko finalerdia jokatuko dute-eta. Iluntzean, 19:00etan hasiko da lehiaketa. Eta, saio horretan, besteak beste, bi aramaioarrek parte hartuko dute: batetik, Lierni Altunak, finalerdia aurkezten. Eta, bestetik, Andere Arriolabengoak, gainerako bertsolariekin lehian.

Izan ere, finalerdirako bigarren postuan sailkatu zen Andere Arriolabengoa Aguraingo kanporaketa saioan. Irabazlearengandik (Alberto Martinez, “Beitto”) puntu bakarrera geratu zen aramaioarra.

Aipatutako bi bertsolari horiekin batera, honako bost bertsolari hauek parte hartuko dute: Zigor Enbeitak (Izarrakoa), Asier Otamendik (Gasteizkoa), Ruben Sanchezek (Gasteizkoa), Orlando Arreitunaindiak (Bastidakoa) eta Oihane Pereak (Gasteizkoa)..

Egin beharreko lana

Arabako Bertsozale Elkartetik jakinarazi digutenez, honako lana egin beharko dute zapatuko saioan: binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso hamarreko txikian eta gero, bakarkakoa, kartzelako lana: hasierako puntua emanda bertso bana zortziko txikian; eta gaia emanda bina bertso doinu eta neurri librean.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Felix Irazustabarrenak, Mirari Azulak, Xabier Ormaetxeak eta Patxi Aizpuruak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.