Aramaioko bertsolariak Arabako Bertsolari Txapelketan

Ubane Madera 2004ko mar. 3a, 12:19
Abiarazi dute Arabako Bertsolari Txapelketa 2004. Aurten, inoiz baino bertsolari gehiagok parte hartuko du. Tartean, Aramaioko hiru bertsolarik jardungo dute, eta txapelketako final-erdietako bat Aramaion jokatuko dute. Bihar, zapatua, Iker Agirreren txanda izango da, Errioxan.

Errioxako, Aiarako, Gorbeialdeko, Lautadako eta Gasteizko bertsolariek parte hartuko dute aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketan. Guztira, 23 bertsolarik. Eta, horien artean, hiru aramaioarrak izango dira: Iker Agirre, Andere Arriolabengoa eta Manex Agirre. Horrez gainera, txapelketako final-erdietako bat Aramaion jokatuko dute. Eta saio horretan, Lierni Altuna aramaioarra ibiliko da aurkezle lanak egiten.

Zapatuan, Iker Agirreren txanda

Zapatuan, hilak 6, jokatuko dute bertsolari txapelketako lehenengo kanporaketa. Eskuernagako kultura etxean, 20:00etan hasiko da bertso-saioa. Zortzi bertsolarik parte hartuko dute, tartean, Iker Agirre aramaioarrak. Gasteizko, Oreitiako, Amurrioko, Laudioko, Bastidako eta Gopegiko bertsolariekin lehiatu beharko du 17 urteko bertsolari aramaioarrak.

Martxoaren 13an, Andere Arriolabengoa

Berriz, hurrengo zapatuan, martxoaren 13an, Andre Arriolabengoaren txanda izango da. Aguragingo erakusketa aretoan (Lautada) jokatuko du kanporaketa 22 urteko bertsolari aramaioarrak beste zortzi bertsolariren kontra. Hain zuzen ere, Abetxukoko, Gasteizko, Amurrioko, Baranbioko, Laudioko, Ametzagako, Urbinako eta Aguraingo bertsolariak izango ditu aurrez aurre.

Martxoaren 27an, Aramaion

Aipatutako bi kanporaketen ostean, final-erdiak izango dira. Bi, guztira. Hala, kanporaketetatik sailkatzen diren bertsolariekin batera, 2003ko Arabako Txapelketatan finalean ibili ziren sei bertsolariek jardungo dute. Hain zuzen ere, final-erdi horietako bat Aramaion jokatuko dute, martxoaren 27an, 19:00etan, kultura etxean. Lierni Altuna aramaioarrak aurkeztuko du saioa.

Eta bigarren final-erdia apirilaren 3an jokatuko dute, Laudioko Lanbide Heziketako Udal Eskolan (Aiara). Han, Manex Agirrek jardungo du beste bost bertsolarirekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak