Jaurlaritzatik bideratutako egitasmoa da Euskara Biziberritzeko Plana. Euskararen normalizazioa lortzea da helburua, eta horretarako plangintzaren zirriborroa egin dute Udalean, herriko arlo guztiak kontuan hartuta: kirolak, gazteak, kultura, aisialdia Are gehiago, zenbait agente sozialekin eta euskararekin lotutako ekimenetan zeresan handia duten taldeen lankidetza eta ekarpenak eskuratu ditu Udalak: Txirritola Euskara Elkartea, eliza eta San Martin Eskola, esaterako. Baina, era berean, zenbait arlotan hutsuneak ikusi dituzte, gazteen eta erretiratuen aldetik, bereziki.
Gauzak horrela, eta gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, Udalak argi utzi nahi du Euskara Biziberritzeko Plan horretan interesa duen edozeinek parte har dezakeela. Eta halako ekimenak aurrera eramateko beharrezkoa dela herritarren parte hartzea. Horren ondorioz, dei berezia egin nahi dute ekimenean parte hartzeko. Hala, planaren zirriborroa eskuratu nahi duenak, Udalean dauka ikusgai.
Behin herritarren-eta ekarpen guztiak jaso eta gero, hurrengo bi urteotarako plana egingo du Udalak. Eta plan hori betetzen dela zaintzeko batzorde bat sortuko dute.
Jaitsi egin da erabilera
Aramaion, herritarren %61,4ak erabiltzen du euskara. Orain dela bi urte, berriz, %65,4ak erabiltzen zuen. Bi kasuetan, ezagutza maila bera zen: %85,6. Horrek esan nahi du, orain dela bi urte baino herritar gutxiagok erabiltzen duela orain euskara. Udalak egindako inkesta batek erakusten du, 25etik 64 urtera artekoen artean dagoela hutsunerik nabarmenena. Kezkagarriena zera da: haietako ia guztiek dakitela euskara, baina, ez dutela erabiltzen. Era berean, inkestak dio baserri giroan gorde dela hobeto euskara.