Hauteskunde-mahaietan egoteko zozketa

Martxoaren 14ko hauteskundeetan hauteskunde-mahaietan egon behar diren aramaioarren izenak zozketatuko dituzte, astelehenean, hilak 16. Osoko bilkura berezia egingo dute horretarako. 18:00etan hasiko da. Hauteskundeetakoaz gain, bestelako gaiak ere landuko dituzte.

Aramaion bi mahai izango dira, eta mahai bakoitzeko presidentea eta bi bokal aukeratu behar dituzte, gehi haien ordezkoak. Herri guztiek martxoaren 14tik 18ra arteko astia dute zozketa egiteko. Horren ondorioz, Aramaion erabaki dute osoko bilkura eguaztenean barik, astelehenean egingo dutela. Betiko orduan izango da: 18:00etan.

Behin zozketa egin eta izenak atera eta gero, tokatu zaienei astean bertan bidaliko diete jakinarazpena etxera. Gero, epe jakina izango da hauteskunde-mahaiko kide izan ezin duenak erreklamazioak egin ditzan. Baina, Udaleko idazkariak jakinarazi digu oraindik ez dietela esan noiz izango den hori.

Bestelako gaiak

Bestalde, esandakoaz gain, bestelako gaiak ere landuko dituzte asteleheneko batzarrean. Besteak beste, dirulaguntza eskaera dezente dute aztertzeko zinegotziek. Esaterako, Erretiratuen Egunerako eta Emakumeen Asterako dirulaguntzak eskatu dituzte; parrokian konponketa batzuk egiteko laguntza eskaera ere aztertu beharko dute; baita Maider Unda borrokalariak egin duena ere. Horrez gainera, presoen senitartekoak bisitatzeko laguntza ere eskatu dute.

Eta bestelakoen artean, udaletxea egokitzeko lanak berbagai izango dira, Arabako Foru Aldundiari horren berri eman behar diote-eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.