Ipini dituzte plastikoak-eta batzeko edukiontzi horiak

Esandakoa bete eta ipini dituzte edukiontzi horiak Aramaion, plastikoak-eta batzekoak. Guztira, 33 ipini dituzte, bai Ibarran bai eta gainerako auzoetan ere. Leku gehienetan, lehenagotik zaborra batzeko zehaztuta zeuden puntuetan ipini dituzte.

Edozelan ere, oraindik xehetasun guztiak erabaki barik dituzte. Ikusten badute nonbaiten behar handiagoa dagoela, edukiontzi gehiago ipiniko dituztela adierazi digu Andres Osinaga zinegotziak.

Gaineratu digu espero dutela 15 egunean beteko direla edukiontziak; hortaz, hamabostean behin hustuko dituzte. Baina, hori ere erabilerarekin ikusten joango dira. Gero, batutakoak Gasteizera eramango dituzte, Jungizen dagoen instalazio batera, birziklatzeko.

Plastikozko ontziak, latak eta brick ontziak bota behar dira edukiontzi horietara.

Edukiontzi txikiak opari

Bestalde, edukiontzi berri horiek erabiltzen ohitzen laguntzeko, Udalak ontzi txikiak banatuko dizkie herritarrei, doan. Etxe bakoitzerako ontzi bana dago. Guztira, 700 bat eskatu dituzte; hala, oraingo etxeetarako izateaz gain, herrian egingo diren etxe berrietarako ere izango dira. Hala, eskuratu nahi duenak udaletxera joan beharko du, orain dela astebete-edo etxean jaso duen bigarren postalarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.