Taldeka banatu eta San Martin Eskolako neska-mutikoak Aramaion barrena ibili ziren eguaztenean, Santa Ageda bezperan. Guztira, 108 gaztetxo, baserritar jantziekin eta makilekin. Hala, 3 eta 4 urteko umeak kalean ibili ziren eta 5 urtekoak kaletik gertu dauden auzoetan (Arraga, Eguzkierripa ). Nagusiagoek, berriz, auzo-baserriei bisita egin zieten. Guztiak ere goizean goiz atera ziren ibilbidea egiteko.
Bizente Goikoetxea abesbatza
Bestalde, Bizente Goikoetxea abesbatza ere eguaztenean ateratzeko zen, baina, azken orduko ezusteak eraginda, erabaki zuten zapatuan aterako zirela kantuan. 14:00etan da hitzordua, eliza aurrean. Hala, lehengo ohiturak gordetzeko ahaleginean parte hartu nahi duten edozein gonbidatzen dute ekimenean parte hartzera; gainera, bide batez, Aramaioko txoko asko ezagutzeko aukera ederra dela ere nabarmentzen dute. Gero, batutako janariarekin afaria egingo dute. Eta dirua beharra duten herritarrei laguntzeko emango dute.