Orotariko gaiak landu zituen udalbatzarrak

Ohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzarrak hilaren 19an. Besteak beste, gazte lokalak, Azkoagako abadetxea, bi mozio eta Euskal Fondoak egindako eskaera bat aztertu zituzten.

Saharar errefuxiatuei laguntza

Saharar errefuxiatuak bizi diren Algeriako gune batean euri zaparrada handiak izan dira azkenaldian. Horren ondorioz, uholdeak sortu dira, eta kalte ugari eragin dituzte. Hain zuzen ere, kalteoi aurre egiteko, dirulaguntza eskatu dio Euskal Fondoak Aramaioko Udalari. Eta, batzarrean, Udalak 1.200 euro emango dituela onartu zuen.

Gazte lokalekin bueltaka

Gazte lokalen gaia ere aztertu zuen udalbatzarrak. Gazteek Udalari egindako eskaera, alegia. Horren arabera, gazteek gura dutena da lokal horiek erabiltzeko gutxieneko adina 14 urtekoa izatea; eta ez ezartzea lokaletatik irteteko adinik. Horrez gain, proposatzen dute koadrila bakoitzeko ordezkariak izendatzea lokaletan sartzen diren gazteak zaintzeko eta sor daitezkeen kalte-ordainen gainean-eta berba egiteko.

Bestelako puntuen artean, lokalen ordutegiari dagokionez, gazteek proposatzen dute ez ezartzea ordutegi mugarik.

Udalaren erantzuna

Eskaera aztertu ostean, zinegotziek honako erabakia hartu zuten: beharrezkoa dela lokaletatik irteteko adina ezartzea, eta 20 urte egokia dela horretarako. Eta, ordutegiari dagokionez, diote 01:00ak arte zabalik egotea nahikoa dela. Eta, jakina, horrez guztiaz gain, lokalon garbiketa kontuak ere gazteekin zehaztu beharko lituzketela.

Orain, erabakitakoa gazteei jakinaraziko diete, eta haiek erabaki beharko dute proposamena onartzen duten edo ez.

Azkoagako abadetxea

Bestalde, Azkoagako abadetxearen aurreko aldean pitzadurak sortu direla-eta, kontuan hartuta etxe horren beheko solairua Udalarena dela, zera erabaki zuten: arkitekto batek etxea konpontzeko proiektua egitea eta lanok lehenbailehen hastea, etxearen egoera dezente kaskarra da-eta.

Hala, oraingo astean ziren lanak hasteko, eta bestela, laster hasiko dira. Udalak etxeko bestelako jabeekin akordioa egin beharko du gero, gastuok ordaintzeko.

Mozio bi

Eta, bestelako kontuen artean, bi mozio ere bazituzten. Bata, gay eta lesbiana bikoteen adopzio eskubidearen alde. Eta bestea, Gernikako Estatutuaren gainekoa. Hain justu, eskatzen dute, besteak beste, Euskadiko Autonomia Estatutua aldatzeko zilegitasuna onartzea; eta Estatuko Gobernuari eskatzen diote Jaurlaritzari ahalmena eman diezaion erreferenduma deitzeko. Edozelan ere, ez dakigu mozioen gainean zer erabaki duten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.