Aramaiarren babesa lortu gura du hAMAlau taldeak

Ubane Madera 2003ko azaroaren 11

Hauteskundeak izan zirenetik orain artekoaren balorazioa egin du hAMAlauk. Gobernu-kideen borondate falta salatu dute. Aurrera begira, herritarren babesa lortu gura dute.

"Balorazio txarra"

Orain artekoaren "oso balorazio txarra" egin du hAMAlauk. Besteak beste, salatzen du orain arte ez dutela udal gobernuan parte hartzeko aukerarik izan. Eurek ahaleginak eginda ere, hauteskundeak izan zirenetik hiru hilabeteren ostean, ez dute egindako eskaeren erantzunik jaso.

Maiatzeko hauteskundeetan eurek lortutako botoei dagozkien hiru zinegotzien lekuak hutsik uzteko eskatzen diote EAJk eta EAk osatutako gobernuari. Baita, besteak beste, osoko bilkuretarako deiak eta batzarretako gaien informazioa jasotzea eta lan egiteko lekua ere. Horrez gainera, adierazten dute gobernuko alderdiek ez dutela gauzak konpontzeko borondaterik.

Zenbait herritan formula legalak erabili dituztela arazoari aurre egiteko (Eskoriatzan, adibidez, legez kanpo utzi zuten alderdiak hiru batzordetako ardura dauka), hortaz, Aramaion ere egin daitekeela halako zerbait. Eta alkateari esaten diote herriko bizitzan parte hartzeko Udalaren webgunean egindako gonbidapena bete dezala edo argi dezala zein den bere jarrera.

Herritarren babesaren bila

Horrez gainera, hAMAlaukoek adierazi digutenez, aurrerantzean bide beretik segitzeko asmoa dute, hau da, Udalean parte hartzeko ahaleginetan. Horretarako, besteak beste, herritarren babesaren bila joko dute; adibidez, sinadura bilketa egingo dute.

Bestalde, adierazi digute orain Udaletxetik osoko bilkuren aktak jasotzen hasi direla, baina, batzarretara joateko deialdirik ez dutela jaso. Era berean, argitu gura dute ezin dutela udal batzordeetan parte hartu, batzarrak lan orduetan direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak