Denboraldirako bi talde izango ditu areto futbolean Bañera kirol elkarteak: kadete mailako neskak eta mutilak. Gazte mailako talderik ezin izan dute sortu, jokalariak falta zirelako. Hori bai, beste bi taldeekiko baikor dira Bañerako zuzendaritzakoak.
Josu Bideburu presidenteak adierazi digun moduan, mutilei dagokienez, taldea oso ondo osatuta dago, koordinazio handia dauka eta ia buruz jokatzen dute. Neskei dagokienean, berriz, esan digu iaz baino lehiakortasun handiagorekin ikusten dutela aurtengo denboraldia; eta nahiz eta iaz partidu dezente galdu, aurten ondo jokatzeko eta irabazteko gogoarekin dabiltzala.
Azaroan hasiko dira
Azaroaren bigarren asteburuan jokatuko dituzte bi taldeek denboraldiko aurreneko partiduak. Edozelan ere, aurredenboraldi gogorra egin dute eta irailetik dabiltza entrenamenduak egiten.