1.200.000 euro inbertituko dira azpiegiturak hobetzeko

Arritxu Barruso 2008ko uztailaren 24a

Udako oporren ostean zenbait proiektu ipiniko ditu martxan Aramaioko Udalak. Horietako asko auzoetako azpiegiturak hobetzera bideratuta daude. Zalgon, Errotaberrin, Arriolan, Unitzillan eta Bentamotzen egingo dituzte lan handienak.

Hirigintza batzordeko arduradun Martin Arriolabengoak azaldu du Bentamotzeko lanak egingo dituztela lehenengo: "Bentamotz baserrian azpiegiturak hobetzeko behar handia daukate. Ura, adibidez, ez zaie behar bezala heltzen". Horrekin batera Arriolako lanak egingo dituzte. Arriolan saneamendua, ura, argi indarra eta gasaren azpiegiturak sartuko dituzte. Auzoko galtzada ere konponduko dute. Zalgo, Errotaberri eta Untzillan ere gauza bera egingo dute. Guzti honen helburua da azpiegitura guztiak hobetu eta, etorkizunean, Aramaioko auzoetako saneamendu sarea Ibarrara bideratzea.

Araztegia

Saneamendu sarea Ibarrara bideratu ostean, hurrengo pausua da ur horiek araztegi batera eramatea. Aramaioko Udala aztertzen ari da Aramaion bertan haraztegi bat egiteko dauden aukerak. Bestela Arrasateko Epeleko araztegira bideratuko lirateke Aramaioko ur zikinak. Eusko Jaurlaritzak dauka uren kudeaketaren eskumena. Martin Arriolabengoak azaldu du dagoeneko jarri direla Jaurlaritzarekin harremanetan eta eskaria aztertzen ari dela Jaurlaritza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak